Berdinsare(H)abian, 7.000 biztanlera arteko udalerrietan berdintasunerako tokiko politika publikoak ezartzen eta finkatzen laguntzeko ekimen bateratua aurkeztu dute Iurretan. "Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea benetan bete dadin erraztea, eta, hartara, herritarren % 100arengana helduko dela bermatzea". Horixe du helburu Eudelek eta Emakundek sustatutako programak.
Esther Apraiz Eudeleko presidentea eta Derioko alkateak, eta, Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariak aurkeztu zuten ekimena, Oskar Koka Iurretako alkateagaz batera. Hirurak 7.000 biztanlera arteko 194 udalerrietako ordezkaritza politikoagaz (EAEko biztanleen % 76) egindako topaketaren buru izan dira.
Berdintasunerako Euskal Legearen arabera, tokiko erakunde guztiek berdintasuna bultzatzeko egiturak izan behar dituzte, langile tekniko espezializatuekin, dedikazio egokiarekin eta behar besteko baliabideekin. Hala ere, baldintza horiek erronka handia dira populazio txikieneko udalerrientzat. Egoera horri erantzuteko, Eudelek eta Emakundek, "laguntza" eta "babes hobea" emango die udalerri txikiei, "euren berdintasun-egiturak antolatzen eta euren eskalara egokitutako politika publikoak hedatzen laguntzeko eta babesteko", ohar batean jakitera eman dutenez.
"Indarrak batuz"
Iurretako alkatearen berbetan, “sarritan, herri txikietan, erronka bereziak izaten ditugu. Txikiak izateagatik baliabide gutxiago edo gaitasun gutxiago dugula uste dugu. Baina honelako programek guztiz kontrakoa frogatzen dute: indarrak batuz, ezagutza partekatuz eta sarean lan eginez, gure ekintza-gaitasuna biderkatu egiten da”.
Eudeleko presidenteak nabarmendu duenez, udalerri txikiek "komunitatearen kontzientzia handiagoa" dute, eta berdintasun-politiketarako "berrikuntza-guneak" izan daitezke, "bizikidetzako eta tokiko eskalako herritartasun inklusiboko laborategiak”. Apraizek gaineratu duenez, Berdinsarearen bitartez, udalerri guztiek berdintasunaren euskal estrategian emandako aurrerapenetan parte hartu dezaten hartutako konpromisoa berresten dute Eudelek eta Emakundek. Pertsona guztiek, bizi diren tokian bizita, ekitatea, erantzukidetasuna eta indarkeria matxistaren prebentzioa sustatzen duten tokiko politikei etekina atera diezaioten".
Emakumendeko zuzendariak EAEko biztanleria txikieneko udalerrietan Berdinsareak egindako lana azpimarratu du.