Zerk ekarri zaitu Euskal Herrira?
Txikitatik historia gustatzen zait eta horixe da nire pasioa. Bestalde, unibertsitatean gaztelania ikasi nuen eta hemengo gauzei buruz ere irakurri nuen. Baina ez nuen ondo ulertzen. Jendea eta lekuak ezagutu gura nituen. Liburuak irakurtzea ondo dago, baina gauzak ulertzeko gogoak ekarri nau hona.
Zerk erakarri zaitu gehien Euskal Herritik?
Japoniako hiri handi batekoa naiz. Han familia inguruan bizi gara eta ez dugu jende askorik ezagutzen. Historia ikertzen eta ikasten nuenean, ezin nuen imajinatu herri txikietako bizitza. Beti galdera bera zetorkidan burura: zelakoa ote da herri txiki bateko bizitza? Hori bizi egin behar da, bestela ezin da ulertu Aro Modernoko historia, ezta Erdi Arokoa ere. Horixe bizitzera etorri naiz.
Euskal Herrian leku asko ezagutu duzu. Nondik nora ibili zara?
Astia dudanean, herririk herri eta auzorik auzo ibiltzen naiz. Artxiboetan irakurritako dokumentuetan agertzen diren lekuak bisitatzera joaten naiz. Esate baterako, joan zen astean Zumarragako matxinadari buruz irakurri nuen eta inguruko auzoetara joan nintzen. Beasain ingurura ere joan nintzen.
Euskaraz berba egiten duzunean euskalki nahasketa handia igartzen zaizu. Non ikasi duzu euskara?
Oñatin bizi naiz, baina Euskal Herrira bizitzera etorri baino lehenago Lekeition eta Diman ere izandakoa naiz. Gainera, Nafarroako euskalkia ikasteko Zugarramurdi ingurura joaten naiz.
Jende askok euskara gatxa dela dio eta argudio hori erabiltzen du ez ikasteko. Zer esango zenieke?
Ez da gatxa. Beti esaten dut hizkuntza bat norberak ikasten duela, baina ingurua oso garrantzitsua dela. Ingurua aldatzen ez baduzu, ezin duzu hizkuntza bat ikasi.
Abadiñoko euskaran, 'hika be egiten dok' esango lizuke baten batek.
Bai, egiten dinat, bai. Astean behin juntatzen gintunan toka eta noka praktikatzeko Oñatin. Kuadrillakoak entzuten nitinan eta horregaitik animatu nindunan. Gura barik be ikasi dinat.
Noiz itzuliko zara Japoniara?
Urri amaieran. Han tesia idatziko dut. Ahal dudanean bueltatuko naiz berriro hona, artxiboetan irakurri, irakurririko hori dokumentatu, euskalkiak ikasi... Denerik egin behar da: ikusi, entzun, berba egin, ibili, irakurri... Buruko errota beti martxan.