"Orozketako auzo eskola elkargunea izan da beti"

Aitziber Basauri 2025ko ira. 28a, 10:20

Nerea Beaskoetxea Sarrionandia (Iurreta, 1982) eta Jose Txintxurreta Alberdi (Iurreta, 1931), Orozketako auzo eskolako belaunaldi biren isla dira. Jose lehenengo ikasleetariko bat izan zen, eta Nerea azkenetarikoa. Biek oroitzapen politak dituzte eskolan bizi izandako urte haietaz. Auzotarrentzat bizimoduaren parte izan da beti auzo eskola, elkargune bat. Gaur egun ere halaxe dela diote.

Auzo eskolaren mendeurreneko ospakizunak zelako oroitzapenak ekarri dizkizue gogora?
Nerea Beaskoetxea: Oroitzapen politak. Horixe zen domekan elkartu ginenon artean zeresana. Gure mundua zen. Aste barruan eskolara etortzen ginen, eta domeketan mezara aitita-amamekin. Ordurako ermita ez zen erabiltzen. Auzoko elkargunea izan da beti.
Jose Txintxurreta: Pozik eta ilusinoagaz joaten ginen eskolara, olgau egiten zen eta; etxean ezin zen. Aitak eskolarik barik izten gintuen etxean batzuetan, idiak iturrira eroateko edo goldan egiteko. Domeketan, meza ostean, abadeak dotrina erakusten zigun ermitan. 

Zenbat urte egin zenituzten bertan?
J.T.: 3-4 urtegaz hasi nintzen eta 13 urtera arte egon nintzen. 14 urtegaz lanean hasi nintzen, Durangon. Amak dozena bat arrautza eta dozena bat txorizo ordaindu zituen ni Olman beharrean hasteko. Eskolan, Luziagaz, sumar-restar-multiplicar eta horrelakoak ikasten genituen, denerik apurtxo bat. Pilotxo bat ginen: Iparragirre baserrikoak, Florentino, Bixenti, Kristobal, Marcelino... 09:00etatik 12:00etara joaten ginen. Zortzi neba-arreba ginen gu eta denok ikasi genuen han. San Andresetik, Iurretatik eta Bernagoititik (Zornotza) ere etortzen ziren.
N.B.: Urte gutxian egon nintzen ni, bost-sei urtegaz Kurutziaga Ikastolara joan nintzen eta. Aldaketa handia izan zen, baina polita ere bai. Beste umeekin alderatuta, aurreratuta geunden. Igual irakaskuntza pertsonalizatuagoa izango genuen. Ume gutxi ginen eta irakasleak arreta handiagoa jar zezakeen gugan.

Adin askotariko umeak zineten. 
N.B.: Bai, denok elkarregaz ikasten genuen. Esther zen gure iraskaslea. Oso hurbilekoa zen eta oso gogoan dut. Eskola kanpoan olgetan ginen, eta gogoan dut fluorra ematen zigula jolas-orduetan. Eta bi-hiru irteera egin genituela ere gogoan dut, kostaldera eta Gabonetako parkera. Bere etxera ere eraman gintuen behin, eta bere alaba ezagutu genuen. Eskolan inoiz bazkaldu ere egiten genuela dut gogoan. 

Sasoi gogorrak izan ziren mutikotakoak, Jose?
J.T.: Ez, geu ginen okerrak (barrez). Beti izan naiz burugogorra! Ez nintzen oso ikasle ona. Arineketalaria izan nintzen, hiru urtean Bizkaiko Txapelketa irabazi nuen. Eskolatik irten, etxera joan, jantzi, eta arineketan joaten nintzen, Durangotik edo San Andresetik egiten nuen buelta. Behar egitea tokatu zait eta ez dut izan ikasteko aukerarik. Gaur egun, ikasketarik barik ez dago zereginik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!