EH Bildu: "Iurretako plan orokorreko 510 etxeetatik 240 babesekoak izan beharko lirateke"

Anboto 2025ko ira. 24a, 20:38

Udane Zugaza-Artaza eta Maier Alberdi EH Bilduko zinegotziak.

Iurretako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriak aurreikusitako 510 etxebizitzetatik 240 babes ofizialekoak izan beharko liratekeela eman du jakitera EH Bilduk, "EAJk 21 soilik aurreikusi dituen arren". Jeltzaleek landutako planak norabide sozialik ez duela salatu du, eta egindako gestio "larria" kritikatu. Herrian babeseko etxe bakar bat ere ez dagoela nabarmendu du EH Bilduk.

Babeseko etxebizitzen falta 2006an Eusko Jaurlaritzak onartutako Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko legearen aurretik "diseinatutako" estrategia baten ondorio dela dio talde subiranistak. Lege horrek babeseko etxeen gutxienekoak ezarri zituen, baina salbuespen bat jaso zuen: bi urteko epean onartutako plan partzialek—hau da, 2008a baino lehen— 1994ko legearen arauak jarraitu ahalko lituzkete, babes ofizialentzako gutxienekoak ezarri barik, azaldu dutenez. "Orduko gobernu talde jeltzaleak, sasoi hartan garatu zituen HAPO berrian sartu dituzten etxebizitza planak, herriaren etorkizuna baldintzatuz".

EH Bilduk salatu du EAJk "derrigorrean" sartu dituela babeseko 21 etxeak HAPO berrian. "ZAGA fabrika zegoen lurretan aurreikusitako etxebizitza plana eten egin zen enpresa sustatzailea atzera bota zenean. Bada, berriro abiatzeko udalak egungo erizpideetara egokitu behar izan zuen".

Babeseko etxeak aldarri

EH Bilduk babeseko etxeak eraikitzea aldarrikatu du. "Ez egungo legeak ezartzen duelako bakarrik, herrian horren beharrizana dagoelako ere bai". Gaineratu dutenez, "HAPOko datuek azaldu dutenez, Iurretan, 1.690 etxe daude eraikita, eta horietatik 248 hutsik daude. EUSTATen adierazleak aztertuta, 84 etxe huts erabilgarri leudeke". 

Bideondoko salmenta prozesua gelditzea eta babeseko etxebizitzak eraikitzeko aukerak aztertzeko "borondate politikoa" eskatu du EH Bilduk.  "Zati bat udalaren jabego publikokoa da, eta udalak ez du aukera hori etxebitza politika sozial baten alde aprobetxatuko. 45 etxe eraikitzea aurreikusi da, 12 tasatuak eta 33 libreak. Babes ofizialeko etxe barik", salatu dute.  "Argi eta garbi, HAPO berria ez da herritarren beharrizanei erantzuten dien plan bat. EAJk ez du etxebitza politika sozial bat bultzatu nahi, politika neoliberalaren mesedetan", dio EH Bilduk.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!