Unai Esturo dantzari iurretarra Arrateko Dantzarien Kofradiako kide izendatu dute

A.B. 2025ko ira. 9a, 16:20

Arrateko Amaren eguna ospatu zuten atzo eibartarrek. Arrateko dantzarien egun handia. Eibarko Kezka dantza taldeak gonbidatuta, Unai Esturo iurretarrak eta Maite Irizar oñatiarrak parte hartu zuten. Arrateko Dantzarien Kofradiako kide berriak dira bi dantzariak. (Argazkiak: Felipe Loiola)

Eibarko dantzako taldeak 2005ean plazaratu zituen lehenengoz Arrateko Amaren dantzak, eraberrituta. Bada, Arrateko Santutegian ospatutako mezan ezpata-dantza egiten dute dantzariek, eta, ondorengo  prozesioaren bukaeran ere bai. Jarraian,  Arrate zelaian, ezpata-dantza eta trokeo-dantzak egiten dituzte dantzariek. Aurretik, dantzari bakarrak egiten zuen dantzan.

Urte horretan bertan, Arrateko Dantzarien Kofradian antolatu ziren dantzariak, eta, urtero, dantza egin ondoren elkarrekin bazkaldu eta kofradiaren akta jaso eta sinatzeko ohitura hartu zuten. Gainera, inguruko herrietako dantzariak gonbidatu dituzte urte guzti hauetan. Lehenengo gonbidatuak Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegi izan ziren, eta ohorezko gonbidatuak Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi.

Harrez gero, urtez urte, hainbat dantzarik jaso dute Arrate Egunean dantza egiteko gonbidapena. Aurten, Unai Esturo dantzari iurretarra eta Maite Irizar oñatiarra gonbidatu dituzte. Biak Arrateko Dantzarien Kofradiako kide izendatu zituzten. Aurretik, 2016an, Karmelo Angiozar berriztarrak ere jaso zuen gonbidapen hori, eta dantzarien kofradiako kide izendatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!