Giza Biblioteka antolatuko dute Iurretan, aurten lehenengoz

Anboto 2025ko ira. 8a, 13:47

Ikasturte berrirako prestatutako ekintzak eta ikastaroak aurkeztu dituzte, Ibarretxe kultur etxean. Irailaren 10ean zabalduko dute izena emateko epea Iurretan erroldatutakoentzat. 

Ibarretxe kultur etxeak, herri-bibliotekak eta Gizarte Ongizatearen eta Berdintasunaren sailak ikasturte berrirako landutako programazioa aurkeztu dute gaur. Era transbertsalean landutako eskaintza "zabala" urrian abiatuko dute. Nobedade nagusi bat egongo da: Giza Biblioteka antolatuko dute udazkenerako.

Iurretako kultur aniztasuna eta gizarteratzea. Hori ardatz hartuta, antolatutako ikastaroetan 850 plaza eskainiko dituzte, 50 disziplina inguru barnebilduta, Zorione Fundazuri alkate ordeak azaldu duenez. Hartara, azken urteetako ildo beretik askotariko ikastaroak eskainiko dira, eta "ahalegin berezia" egin dute osasun fisikoa eta mentala hobetzeko tailerretan, Pili Jimenez kultur teknikariak argitu duenez .Ikastaroak urriaren 13an hasiko dira.

Giza Biblioteka

Herri bibliotekak 23 ekintza prestatu ditu ikasturte berriari begira. Horien artean, lehenengoz antolatuko den Giza Biblioteka. Bibliotekaren Egunaren harira egingo den ekintza izango da, Iurretaren kultur aniztasuna kontuta hartuz. "Jatorri askotariko pertsonen ibilbidea eta testigantza jaso eta partekatzeko aukera eskainiko da", Ziortza Onaindia liburutegiko arduradunak argitu duenez. Gogoratu du adin tarte guztiei lekua emateko lan egiten dutela, eta AGORA eztabaida gunea azpimarratu du.

Fundazurik aurreratu du 2026ko egutegian munduko hainbat tokitatik etorritako iurretarrek parte hartuko dutela. "Gainera, QR baten bitartez, pertsona horiekin egindako elkarrizketak entzuteko aukera egongo da". 

'Zapore anitz' eta 'Memoria bizia'

Jabekuntza Eskolaren bitartez, Dantza Fitness eta Brikolea ekimenekin jarraituko dute. Eta, 'Zapore Anitz' sukaldatzaritza topaketetan pauso bat aurrera eman dute Amaia Legorburu gizarte teknikariak argitu duenez. "Orain arte, etxean egindako jakiak partekatu dituzte. Bada, aurten, elkarrekin kozinatuko dute". Kultura aniztasuna sustatzeko ekintzak mantenduko dituzte, eta  BBKrekin elkarlanean, Interkulturalitatea eta Bizikidetza, eta, Memoria Bizia ekimenekin jarraituko dute, aurten ere. 

Ekintza guzti horietan parte hartzeko izena eman behar da, online zein HAZren bitartez.  Iurretan erroldatutakoek irailaren 10etik 19r bitartean dute horretarako aukera. Gainontzekoek,  irailaren 17tik 19ra bitartean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!