Sator hegalari baten istorioa, Iurretatik Sahararainoko abenturan

Markel Onaindia 2025ko ira. 5a, 09:30

Sustrai sahararrak dituen Charif Aomar Omar gaztearen ipuin batean topatu zuten ‘Sator hegalariak: Iurretako berbeta eta literatura’ liburuari izena emateko ideia; gaur egun Frantzian bizi da Charif, gurasoekin batera

Iurretako idatzizko eta ahozko ondarea batzeko asmoz, Sator hegalariak: Iurretako berbeta eta literatura (Pamiela) liburua kaleratu zuten iaz, herriko hainbat lagunen auzolanari eskerrak. Izenburua irakurrita, sator hegalarien bitxikeria nondik ote datorren galdetuko du hainbatek, eta horren erantzuna argitzeko haritik tira egin beharko da, espero bako lekuetara heltzeko. Izan ere, istorioak berak ere ipuin bat dirudi.

Ahmed Aomar Mohamed Salem eta Fatma Omar Ahmed Salem sahararrek errefuxiatuen kanpamentuetatik irten eta Europara migratzea erabaki zuten 2001ean, hango salbuespen egoerak eta ondoriozko bizimodu gaitzak bultzatuta. Fatmak ekonomia arloko master bat ikasi zuen Kuban, eta, diploma hori eskuetan, Europan lana bilatzeko saiakerari ekin zion. Horrela, bidaian aurrera, 2005ean Iurretara heldu zen bikotea. Hegalak aldi baterako bildu, lur honetan habia egin, eta 2007an euren semea jaio zen, erreportaje honetako protagonista: Charif Aomar Omar.

Maiztegi herri eskolan Lehen Hezkuntzako bigarren mailan ikasten zegoela, irakasleak ipuin bat idazteko ariketa ipini zien Charifi eta gelakideei. Berben eta esaldien jolas horretan, umeak sator baten abentura imajinatu zuen, baina ez zen edozelako satorra; lurpean bizi arren, hegan egitea amesten zuen. Zeinen harrigarria haurren irudimena, ezinezkoa posible egiten duen unibertso magiko hori. Bada, Charifek Iurretako literatura lehiaketa irabazi zuen ipuinagaz, eta saritu guztiekin batera liburuxka batean argitaratu zuten udalak eta bibliotekak. Handik ia hamar urtera, herriko ondare literarioa arakatzen zebilen taldeak ipuina irakurri eta hasieran aipaturiko bilduman txertatzea ebatzi zuen. Ez hori bakarrik, liburuaren tituluan ere sator hegalariari erreferentzia egin zioten.

Ipuina idatzi eta sariketa irabazi zueneko garaia oroitu du Charifek telefonoaren beste aldetik. “Asier izeneko irakasle bat gogoratzen dut, uste dut istorioa beragaz idatzi nuela. Amak lehiaketa irabazi nuela esan zidan momentua gogoan dut, baita alkateagaz saria hartzekoa ere. Ez nuen espero. Ez dakit istorioa zergaitik idatzi nuen, mezurik hedatu gura nuen ala ez. Esango nuke jolas bat izan zela gehienbat”, kontatu du dagoeneko 18 urte dituen mutilak. Orain, harriduraz hartu du bere ipuina liburu kolektiboan sartzeko erabakia. “Saria irabaztea baino gutxiago espero nuen ipuina liburu batean argitaratzea. Egiazki, oso pozik nago, nire lehenengo istorioa baita!”, aitortu du.

Euskal idazleen ezina eta ilusioa

Ipuineko satorrak hegan egiteko desioa du, hori lortzeko hainbat animaliari laguntza eskatzen dielarik. Pamielak argitaraturiko liburua Joseba Sarrionandiak eta Xabier Bovedak editatu zuten, eta Garaizarkoak metafora poetiko bat eginez esplikatu du Charifen istorioa atal batean barneratzeko hautua: “Hegan egin gura zuen satorraren ipuina aukeratu genuen, bere sinpletasunean, gure liburuan atalik atal azaltzen denaren laburpen eta sinbolo modukoa delako. Ikaragarria izan da euskaraz idatzi gura izan duen jendearen zulotik atera ezina, eta, hala ere, hegan egiteko ilusioa”. Beraz, liburua euskaldunon erresilientziaren kontakizun bat izan daiteke. “Azken berrehun urteetan Iurretan euskaraz idatzi denaren bilduma egin gura genuen liburuan. Euskaldunok bizi izan dugun kolonizazio politiko eta kulturala konplexua da eta ez da erraza kontatzen”, esan du Sarrionandiak. Horrez aparte, tituluan erreferentzia egiteak badu zerikusia Iurretaren izaeragaz eta gaiekin. “Titulurako aukeratu genuen, gainera, ume migrante batek idatzia zelako. Iurretarren gauzak ez dira betiko iurretarrenak bakarrik. Iurretako gauzak unibertsalak dira”, uste du Sarrionandiak.

Atzerrian, baina sustraiak ahaztu barik

Euskaldunek jasandako kolonizazioa bezala, Marokok Mendebaldeko Saharan ezarritako okupazioaren eragina ere ez da erraza kontatzen, saiakera egin arren. 1975ean hasitako inbasiotik ihesi, milaka saharar (173.000, NBEren esanetan) Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan bizi dira, munduaren ahanzturaren erruz betikotu egin diren baldintza behin-behinekoetan. Elikagaien karabana solidarioak eta umeen udako harrerak gogorarazten digute badela gatazka bat, badela herri bat bere izateari eusten. Charifen familiak eta gainerako saharar guztiek balentria ia sinestezina egin dute, ipuineko sator hegalariaren antzera, egonarriz bizirauten. “Saharan bizitza oso konplikatua da, gerragaitik eta kanpamentuetako bizimoduarengaitik. Gurasoek honaino hegan egin dute, eta, zailtasunak gorabehera, azkenean eurek ere lortu dute gura zutena, satorrak bezala”, dio Charifek. Hala ere, nahiz eta atzerrian bizi, sustraiak ez dituzte ahazten, eta semeari bere jatorria barneratu diote. “Ni iurretarra sentitzen naiz, eta sahararra ere bai. Nire gurasoen heziketa izan da, Iurretan jaio arren nire sustraiak zeintzuk diren, gurasoak nondik datozen, aitona-amonak non jaio ziren kontatuz. Hango familiagaz hartu-emana dugu gainera”, esan du gazteak.

Medikuntza ikasten, kanpamentuetan laguntzeko

Charifek sator hegalariaren ipuina idatzi eta gutxira, 2015ean, Iurretako habia atzean utzi eta hegaldia jarraitzea erabaki zuten gurasoek, Frantziako Castelnau D’Auzan herrira joateko. Hantxe bizi dira gaur egun. Itoizen aspaldiko kanta surrealista gurera ekarrita, orain Iurretan mutil bat falta da, ez dago bere etxeko leihoan satorrei edo txantxangorriei begira. Lantzean behin etortzen da, senide eta lagunak bisitatzera. Charifek penaz aitortu du euskara galtzen dabilela, txikitan ondo egiten zuen arren. Idazketa ere ez du lantzen. “Istorioak alde batera utzi ditut. Orain zientzietako pertsona naiz, matematikak, fisika… horiekin nabil. Baina gustatzen zait literatura irakurtzea, eta gaur egun autore frantziarrak irakurtzen nabil batez ere”, argitu du gazteak. Unibertsitatean medikuntza ikasten hasi da, zerumugan sahararrak zaindu eta osatzeko nahia bistaratzen duelarik. “Nire misioa jendeari laguntzea da, bai Europan bai nire herrialdean. Kanpamentuetan bizi den jendeari laguntzeko ahalegina egin gura dut”, nabarmendu du. Era boluntarioan laguntzen duten elkarteen bitartez joan gura luke hara. Hala bada, etorkizunean ere hegal egiten jarraituko du satorrak, Iurretatik Sahararaino, ezinezkoa dirudiena posible bihurtu guran.

Bilduma anitz bat, herriko pasarteak kontatzeko

Kronikak, ipuinak, olerkiak, komikiak, gutunak, kantuak, bertsoak, esaerak…estilo ugaritako testu eta transkripzioak biltzen ditu Sator hegalariak: Iurretako berbeta eta literatura (Pamiela) liburuak. Iaz argitaratu zen, zenbait urtetako lanaren ostean, eta Durangoko Azokan aurkeztu zuten jendaurrean. Gainera, herrian bertan ere ekitaldi kulturalak garatu dituzte azken hileotan, herritarrei liburuko pasarteen berri emateko. Iurretako Udalak diruz lagundu zuen argitalpena.

Charif Aomar Omarren ipuinak zarratzen du liburua, eta aurretik beste hainbat egileren lanak ageri dira. Charifena ez da haurrek idatzitako testu bakarra; izan ere, Maiztegi eskolako hainbat ikaslek Sarrionandiarekin batera eginiko ariketa baten emaitza ere irakur daiteke kapitulu batean.

Iurretako proiektuan legez, Durangaldeko herrietan beste hainbat talde ari dira ondare literarioa jasotzen, eta aurrerago emango dute ikerketen berri. Beraz, gainerakoen arbola bereko adar bat da Iurretakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!