Hasierako onarpena eman dio Iurretako Udalak Hiri Antolamendutako Plan Orokorrari (HAPO). Dokumentu horrek hirigintza antolamendua definituko du eta "herri jasangarri moduan Iurretaren etorkizuna zehaztuko du". Halaxe azaldu du gobernu taldeak. EAJren aldeko botoekin onartu zuten agiria azken udalbatzarrean. EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin ziren.
"HAPO berriak Iurretako hazkundea modu iraunkor eta orekatuan ahalbidetuko du". Halaxe adierazi du Oskar Koka alkateak, ohar batean. "Eraikuntza- eta hiri-ekipamenduak hobetzeko irizpideak nagusitu dira, baita espazio libreak, eta, ondarearen eta paisaia naturalaren kontserbazioa hobetzeko irizpideak ere. Gainera, garapen orekatu eta iraunkorra aldatuko ez duten industria-lurzoruak edukitzeko beharra hartu da kontutan".
Hartara, 1028 etxebizitza inguru eraiki ahal izango dira Bidebarrieta eta Maspe kalean; Zaga enpresa dagoen tokian, babeseko eta prezio tasatuko 42 etxebitza eraikitzea ere aurreikusi dute HAPO berrian. Bestalde, Bideondon 87 etxebizitza eraikitzeko aukera irekiko da; tartean, prezio tasatudun etxebizitzak. Azkenik, Paduretan, 305 etxebizitza eraikitzeko aukera emango du dokumentuak; horietatik 61 prezio tasatudunak.
"Iurretak herri gisa dituen egungo eta etorkizuneko erronkei behar bezala heltzea ahalbidetuko du" HAPO berriak, Oskar Koka alkatearen berbetan. "Egungo arau subsidiarioak 2001koak dira, eta ez diete behar bezala erantzuten herritarren egungo beharrei. Horri esker, udalerri
justuago, orekatuago eta iraunkorrago baterantz joango gara", gehitu du.
EH Bilduk eta PSE-EEk ekarpenak iragarri dituzte
HAPO berriagaz ez dator bat EH Bildu. "Ez zaigu asko gustatzen, eta egingo ditugun ekarpenak adosteko aukera izatea espero dugu", adierazi du Ziortza Duñabeitia zinegotziak. PSE-EEko Julen Callejak ekipamendu-dotazionalera bideratutako lurrak bota ditu faltak. "Etxebizitzetarako lursailak jaso dira eta Arriandiko industrigunearen garapena amaitzeko lurrak. Horretara mugatzen da HAPOa". Ekarpenak egingo dituztela adierazi du sozialistak.
HAPOa herritarren eskura
Udaleko webgunean dago eskuragarri HAPO berria, eta, uztailaren 8an, jendaurrean aurkeztuko dute. Ibarretxe kultur etxean izango da, 18:00etan. Iraileko eta urriko eguaztenetan zalantzak argitzeko aukera egongo da, 16:30etik 19:00etara. Hitzordua eskatu behar da.