Terrazetarako "arrazoizko" ordutegiak zehaztea, musika "kontrolatzea" eta araudia betetzen ez duenari isuna jartzea exijitu diote udalari bizilagunek. Tabernek euren jardunerako zehaztuta dituzten arauak (taberna zein terrazen ordutegiak, baimendutako dezibelioak...) betearaztea gura dute. "Gainontzeko herritarrek legez, atseden hartzeko eskubidea" aldarrikatzen dute bizilagunek.
Konponbiderako batzarra
Oskar Koka alkateak gogoratu du, Iurretan 21:00ak arte dagoela Udaltzaingoa lanean. Hala ere, nabarmendu du kexa jaso duten guztietan jakinarazi zaiela tabernetako arduradunei araudia bete behar dutela. Egoerari legalki konponbidea emateko batzartu gura du udalak bizilagunekin. "Egoera aztertu eta zein bide jarraitu adosteko", argitu du alkateak.