Iurretako Mikel Deuna dantza taldeak Esker Onak saria jaso zuen atzo, Bizkaiko Dantzarien Bltzarraren eskutik. Pozik hartu du aitortza dantza taldeak. "Iurretako dantza taldeak egin duen lanaren esker ona hartu dute aintzat eta pozik gaude", azaldu du Maitane Totorikak. Bide horretan lanean jarraituko dutela gaineratu du.
Dantza tradizionalarekin eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarragaz lotura duten pertsona eta entitateen lana eskertzeko ekitaldian Bilboko Euskalduna Jauregian izan zen, eta beste hainbat sari eman zituzten. Goi-Alde (Erandio), Lorabarri (Portugalete), Ibai Lorak (Zalla), Ibai Arte (Zorrotza-Bilbao) eta Gazte Berri (Sodupe) dantza taldeak saritu zituzten, 60 urtetik gora euskal dantzen alde egindako lanagatik. Era berean, musika tradizionalaren arloan egindako lana eskertu zioten Bilboko Udalaren Txistulari Bandari.
Jose Manuel Irastorzaren konpromiso eta dedikazioa eta Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari izandako Joseba Altuberen lana ere eskertu zuen Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak. Gazteen Dantza Topaketa eta Gazte Mundu ekimenak, eta Donibane Lohitzuneko Begiraleak dantza taldeak ere jaso zuten saria.