Haurtzaindegitik DBHko 4. mailara bitartean eskolatutako seme-alaben hezkuntza-gastu orokorrak zati batean ordaintzeko diru-laguntzak eskaintzen ditu Iurretako Udalak. Aurten, 2024/2025 ikasturteko laguntzak bideratzeko 8.500 euro gorde ditu udalak, eta eskaria egin gura duten iurretarrek ekainaren 24ra arte dute aukera.
Familia unitate bakoitzak eskaera bakarra tramitatu dezake, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo udaleko webgunearen bitartez. Eskaria egiteko Iurretan erroldatuta egon behar da, 2024ko urtarrilaren 1eko antzinatasunarekin. Era berean, eskatzaileak eta beren ardurapean dituzten eskolatutako seme-alabak edo adingabeak bizileku berean erroldatuta egon behar dira.
Diru-laguntza diru-kopuru bat izango da, eta familia-unitatearen errentaren, seme-alaben edo ardurapeko adingabeen ikasketa-mailaren eta kide-kopuruaren arabera zehaztuko da. Aurten honako tarteak zehaztu ditu udalak: Haurreskola (45 euro), Haur Hezkuntza (45 euro), LH osoa eta DBHko 1. eta 2. maila (45 euro), eta, DBHko 3. eta 4. maila (75 euro).