Iurretak mendebaldetik dituen mugarriak ezagutzeko aukera, domekako irteeran

Anboto 2025ko eka. 3a, 10:00

Hiru orduko ibilbide erraza izango dela zehaztu dute antolatzaileek, haurrekin egiteko modukoa.

Iurretako Kofradiak, Maiztegiko guraso elkarteak eta Zaldai mendi taldeak elkarlanean, Mugarriz Mugarri mendi irteera antolatu dute ekainaren 8an. Aurtengoa laugarren aldia da. Aurreko urteetan, Iurreta hegoaldeko, ekialdeko eta iparraldeko mugak ezagutu bazituzten, aurten zirkulua itxi eta mendebaldekoak ezagutuko dituzte, hau da, Berriz, Muxika eta Zornotza aldekoak.

"Haurrek egiteko moduko hiru ordu inguruko ibilbide erraza izango da eta mugarrietan geldialdiak eginez zenbait azalpen emango dira bidean", azaldu dute antolatzaileek ohar batean.

Ibilbidea Oromiñoko Ortuberrin hasiko da, 09:30ean. Kotxez bertara joaten ez dakitenentzat 09:00etan Iurretako plazan jarri dute hitzordua. Ortuberritik bidez bide Pozubaltzeraino joango dira eta bertatik hasita Iurretak gainontzeko herriekin konpartitzen dituen mugarriak bisitatuko dituzte. Bidean oilasko haztegi bat ere bisitatzeko geldialdia egingo dute eta luntx batekin emango diote amaiera Ortuberrin.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!