Tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko ekimen berria jarriko du martxan Iurretako Udalak, Dendak Bai Durangaldeko merkataritza eta ostalaritza elkartearen laguntzagaz. Erosi Iurreta eta udan (des)konektatu! lelopean hasiko da kanpaina ekainaren 1ean, eta hilaren 30era arte iraungo du. Haririk gabeko entzungailuak oparituko dituzte herriguneko establezimenduetan 50 euroko erosketa egiten dutenei. Izakinak agortu arte banatuko dira entzungailuak.
Kanpainaren bultzatzaileek azaldu dutenez, zenbateko horretara iristeko, establezimendu desberdinetako tiketak batu ahal izango dira —ekainaren 1etik 30era bitartekoak badira—. Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) aurkeztu behar dira erosketa tiketak.
Haririk gabeko entzungailuen opari zuzenaz gainera, hiru Redmi Watch 5 erloju adimendu zozkatuko dira kanpainan parte hartzen duten erosleen artean. Horretarako, HAZn eskuratu daitekeen paper bat bete behar da eta adierazitako postontzian sartu. Irabazleak uztailaren 2an jakinaraziko dira. Kanpainaren baldintzak www.iurreta.eus atarian kontsultatu daitezke.
Iurretako Udalak hainbat urte daramatza tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko kanpainak antolatzen.