Iurretako gobernu taldeak agintaldia hastean hartutako konpromiso nagusien ia %60 bete dituela eman du jakitera

Anboto 2025ko mai. 28a, 11:40

Legegintzaldirako osatutako aginte planean hartutako 60 konpromisoetatik 34 bete direla eman du jakitera EAJk eta beste lau martxan jarrita daudela. 

Legegintzaldia hasi zenetik bi urte bete direla eta, Iurretako gobernu taldeak balantzea egin du. Jakitera eman dutenez, aginte planean batutako 60 konpromisoetatik 34 bete ditu urte hauetan, ete beste lau martxan jarri dituzte. Hartara, hartutako konpromiso nagusien ia %60 bete dituztela azaldu du Oskar Koka alkateak. Nabarmendu dutenez, "Iurreta eta iurretarren bizi-kalitatea hobetzeko" hainbat proiektu garatu dituzte, askotariko esparruetan.

Irisgarritasuna eta mugikortasun iraunkorra dira aginte planaren ardatz nagusi bi. Bada, arlo horretan Akiñenako oinezkoentzako pasabidea eta Atxutxietako zubia gauzatu direla gogoratu dute. Azkena, Durangoko Udalagaz elkarlanean egin dute. Horrez gain, bizipistan iturri jarri dute, Taxi Auzunea zerbitzu hobetu dute eta Bidebarrietako aparkaleku berria egokitu dute. Maiztegi herri eskolan ere hainbat hobekuntza egin dituzte. Alkateak ondarea berreskuratzeko eman dituzten pausoak ere aipatu ditu. Baserriak zatitu ahal izateko ordenantza onartu du udalak eta Santa Apolonia baseliza matrikatulatu dute. 

Gizarte ongizatean, berdintasun arloan eta kultura arloan emandako aurrerapausoak gogoratu du Zorione Fundazuri alkateordeak. Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak liburua kaleratzen lagundu du udalak eta, Iurretako Landa Eremuko Emakumeak proiektuaren barruan, ikusentzunezko bi eta liburu bat kaleratu dute, udalaren babesagaz. Euskara Plana onartu dute aurten, eta kultur aniztasunagaz lotuta Afrikako Eguna antolatu dute, lehenengoz. Fundazurik nabarmendu du tokiko merkataritza bultzatzeko proiektuak bultzatu dituztela eta kultur eta kirol elkarteekin lankidetzan hainbat ekintza antolatu direla. "Bide horretan jarraitu gura dugu aurrerantzean ere", adierazi duenez. Aurten bost urte bete dituen Etxego gaztelekuaren aldeko apostua berretsi dute; baita ortu ekologikoen aldekoa ere.

Aurten amaitu dira Santa Apoloniako urbanizatze lanak

Iurretako alkateak gogoratu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako onarpena laster egingo dela eta urte amaierarako Bidebarrieta kaleko lanak amaitzea aurreikusi dutela. Paduretako presa txikia udan eraitsi guar dutela iragarri dute eta dagoeneko esleitu direla Mallabienan argiteria aldatzeko lanak. Dantzari kalean irisgarritasun bermatzeko "plan integral" bat aurreikusi dela azaldu du Fundazurik eta Santa Apoloniako industriguneko urbanizatze lanak urtea amaitu baino lehen amaituko direla. "Cola Cao zirkuitua eta Eki Bidea ere laster gauzatuko dira".

Aurrera begira, plazako argiztapena hobetu gura du udalak, eta Ibarretxe kultur etxearen premiak aztertu gura ditu, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!