Iurretako XXII. Literatur Lehiaketako sariak banatu zituzten joan zen barikuan, Askondo kaleko aterpean. Guztira, 238 lan aurkeztu dituzte, aurten. Haurren sailean, 122 ipuin aurkeztu dira; 101 gazteen sailean, eta, 15 helduen atalean. Iurretako Udalak eta bibliotekak elkarlanean antolatutako lehiaketak irakurzaletasuna eta sormena ez ezik, integrazioa eta kulturaniztasuna ere bultzatu gura ditu. Maiztegi eta Juan Orobiogoitia ikastetxeek ere parte hartzen dute ekimenean.
Txikienen artean lanak saritzeko liburu sortak banatu dituzte, eta, gazte eta helduen artean liburu bonoak. Gainera, ume eta gaztetxoen kategorietan parte hartu duten guztieei Iurretako Udalak esker oneko opari bat eman die, egindako ahalegina saritzeko. Udalak 2.660 euro erabili ditu sarietarako.
Iraia Okina ilustratzaileak sortutako irudiekin osatu dute material guztia. Saritutako lanekin osatu den liburuxka tartean. Hitzaurrea Izaskun Ellakuriagak idatzi du.