Iurreta Lanbide Heziketa Zentroko ikasleak hirugarren postuan sailkatu dira Gasteizen ospatu den VIII. Euskelec txapelketan. Iurreklec taldeak, proiektu metodologiko onenaren saria eta 1. faseko proiektu garapenaren saria ere ekarri dituzte etxera. Auto elektrikoen eraikuntzan oinarritutako lehiaketa teknologikoa da Euskelec, Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutakoa, eta Tknikak (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroak) antolatutakoa. Aurtengoa 8. aldia izan da.
Iurreta Lanbide Heziketa Zentroko espezialitate guztietako ikasleek parte hartzen dute lehiaketan: Automozioa, Fabrikazio Mekanikoa, Elektronika, Administraritza eta Arreta. "Espezialitate desberdinetako ikasle eta irakasleen arteko lankidetza horrek aukera ematen du proiektu integratu, berritzaile eta diziplina anitzeko bat garatzeko, non ikuspegi teknikoa, kudeaketa eta diseinua bezalako alderdiak uztartzen diren", azaldu dute zentroko arduradunek.
Lanbide Heziketako ikastetxeen artean antolatzen den lehiaketan, ikasleek ibilgailu elektriko bat diseinatu eta eraiki behar dute. Ezagutza teknikoak, berrikuntza, lan-taldearen dinamika eta jasangarritasuna sustatzen ditu proiektuak, zentrotik azaldu dutenez, eta "Iurreklec taldeak balio horiek bikain islatu ditu edizio honetan, auto elektrikoaren eraikuntza eta aurkezpen metodologikoa bikain uztartuz".