Zapatuan Arrozen Eguna ospatuko dute Iurretan. Kultur Aniztasunaren Astearen eskutik antolatutako jaialdia da eta 11:00etan isiotuko dituzte sutegiak arrozak prestatzeko Askondoko aterpean. Hainbat ekitaldi prestatu dute eguna borobiltzeko.
11:30ean tea eta pastak dastatuko dituzte, eta 13:00etan arrozen dastatzea hasiko da. Tartean, umeentzako tailerrak egongo dira. 14:30ean bazkaltzeko elkartuko dira. Kafearen ondoren, arrozen lehiaketako sariak emango dituzte. Dantza erakustaldiak osatuko du egitaraua, 17:00etan.
Txartelak guztien eskura
Lehenengoz, bazkarirako txartelak salgai ipini dituzte, hiru euroan. Barikua, maiatzaren 23a, da azken eguna eskuratzeko, Nagusien Zentroan eta Ibarretxe kultur etxean. Lehiaketako arrozak jateko txartelak ere hartu
daitezke, euro bian.
Bestalde, maiatzaren 29an, Andrés Celisek eta Liliana Ulchur-ek (Jorge Adolfo Freytter Romero elkartea) Kolonbiako erbestearen kausak eta ondorioak Euskal Herrian berbaldia emango dute, 19:00etan, kultur etxean.