Sei txakur intoxikatu direla salatu dute Iurretan

Anboto 2025ko mai. 16a, 12:05

Maspe kaleko eta inguruetako bizilagunek Iurretako Udalari eta Ertzaintzari gertatutakoaren berri eman diote, eta eskatu diete intoxikazioak gertatu diren inguruan arratoiak hiltzeko edo antzeko beste substantziarik erabili ote den ikertzea. Iurretako Udalak gertatutakoa argitzeko lan egingo duela eman du jakitera. 

Iurretako Maspe kaleko atari berrien inguruetan eta inguruko berdeguneetan paseoan ibili ondoren, sei txakurrek kolitis hemorragikoa izan dutela salatu dute Maspeko kaleko eta inguruetako bizilagunek. Udalari eta Ertzaintzari gertatutakoaren berri eman diotela eman dute jakitera, "berriro gerta ez dadin". Apirilaren amaieran eta maiatzean zehar gertatu dira intoxikazioak, argitu dutenez.

Herritarrek eskatu dute intoxikazioak gertatu diren inguruan arratoiak hiltzeko edo antzeko beste substantziarik erabili den ikertzea. "Horrelako produktuak erabiliz gero, aldez aurretik atarietan ikus daitekeen bando baten bidez informatzeko eskatzen dugu", azpimarratu dutenez. "Era berean, ekintza instituzionala ez bada, litekeena da partikularren batek pestizidak edo produktu toxikoren bat belarretan bota izana, animaliak kaltetzeko asmoz", argitu dute. "Hori ondoriozta daiteke txakurrak ez zirelako gaixotu data jakin batean, baizik eta hainbat astetan zehar, nahiz eta sintoma berdinak izan". 

Azpimarratu dutenez sei txakur horietako batzuk ospitaleratu egin behar izan dituzte, "gonbitoak eta beherako hemorragiko etengabeak" izan dituztelako. Euren maskoten eta inguruan bizi diren "animalien ongizateagatik", kaltetutako herritarrek udalari eskatu diote "egoera horren aurrean kontzientzia hartzea". Ibaiaren inguruko berdegunea mantentzea eskatu dute. "Eremu hori ez da sasiz garbitu, ezta mantendu ere, partaidetza-aurrekontuek finantzatutako jarduketaz geroztik. Ingurua garbitzeak toxikoen hondakin posibleak ezabatzen lagunduko luke, kalteak edo animalien heriotza saihestuz". Gogoratu dute udalean erregistratuta dauden katu-kolonietako katu ugari ibiltzen direla bertatik. Txakurren jabeek nabarmendu dute, "beldur handia" izan dutela euren maskoten bizitzagatik

Udalak dio gertatutakoa argituko duela

Iurretako Udalak ohar baten bitartez argitu du enpresa bat duela kontratatua izurriteen kontrolerako zerbitzua eramateko. Gaineratu duenez, "enpresa horrek ez du beste animalia batzuei kalte egin diezaieketen azaleko produktu toxikorik erabiltzen, legez debekatuta baitago". Nabarmendu du gertatutakoa argitzeko lanean jarriko diela, eta "behar den guztian laguntzeko" Ertzaintzaren esku jarriko dela. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!