Bosgarren urtez, Señora sariketa antolatu dute hainbat bertsolari eta bertsozale feministak. Emakumeen eta hegemonikoak ez diren identitateen ikusgaitasuna du helburu lagunarteko txapelketa honek. Aurten, baina, edizio berezia egin gura izan dute antolatzaileek, hori dela eta, parte hartzaileak ez dira izango plazan dabiltzan bertsolariak. "Aurtengo parte hartzaileak bereziak izango dira. Alde batetik, bide hegemonikoan hasi, baina bertso jarduna utzi duten emakume eta genero disidenteak arituko dira kantuan; bestetik, plazan, bertso jardun egonkorrik ez duten emakume eta genero disidenteak", azaldu dute antolatzaileek ohar baten bidez. Beste nobedadeetako bat, bertsolariek binaka abestuko dutela izaten ari da. Montosteko kanporaketan Irati Tolosa eta Joane Aldalur, Idoia Anzorandia eta Zihara Enbeita, Maddi Gallastegi eta Udane Mugerza, Lierni Rekondo eta Markel Laskurain bikoteek parte hartuko dute; Jone Lizarraldek jarriko ditu gaiak.
Maiatzaren 10ean hasi zen sariketa, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Bertako kanporaketatik Malen Alzuart eta Amaia Elizagoien sailkatu ziren maiatzaren 31n Iruñean jokatuko den finalerako. Bertan, Kristina Mardaras iurretarra eta Rosi Lazkanok ere parte hartuko dute, Ohorezko señora bezala. Saio horretan, Aizpea Garmendiak jarriko ditu gaiak.