2025eko aurrekontu parte-hartzaileen bozketa-fasea zabaldu du gaur Iurretako Udalak. Iurretarrek egindako 220 ekarpenen artean hamar proiektu hautatu ditu udalak, azterketa teknikoa egin ondoren. Orain, horien artean bi lehenesteko aukera dute herritarrek. Maiatzaren 25era bitartean bozkatu daiteke.
Boto gehien jasotzen dituzten bi proiektuak garatzeko 50.000 euroko aurrekontua izango du udalak. Honako proiektu hauen artean aukeratu dezakete iurretarrek:
- Hiri-altzariak gehitzea (bankuak, paperontziak eta iturriak).
- Euskaldunberri plaza, piramidearen eta zoruaren aldaketa.
- San Migel zubiko baranda eta zorua aldatzeko jarduketa.
- Inguruko auzoetan postontziak aldatzea.
- Udalerriko argiteria publikoa modernizatu eta hobetzeko jarduketak
areagotzea. - Txakurren aisialdirako gune bat sortzea.
- Hiriguneko zoladura hobetzea.
- Kalistenia-gunea sortzea.
- Jaietan, erromeria Etxegon.
- Auzo-bideak hobetzea.
Herritarren Arretarako Zerbitzuan eta saltokietan ipinitako postontzien bitartez bozkatu daiteke. Maiatzaren 14an, Dantzari plazan jarriko den informazio karpan ere egongo da horretarako aukera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Maiatzaren 15ean, udal teknikariak auzoetara joango dira informazioa ematera. Online bozkatzeko aukera ere egongo da, udaleko webgunean prestatutako galdetegiaren eta QR kodearen bitartez. Hala eman dute jakitera udal arduradunek.