"Jaio zeneko esentziari eusten badio, Indarpakek urte askoan iraungo du"

Joseba Derteano 2025ko api. 13a, 10:30

Goenaga hasieratik dago Indarpaken. Azkarate belaunaldi berriago batekoa da.

Kirola gustuko zuen lagun kuadrilla baten inguruan sorturiko triatloi taldeak hamarkada bat bete du. Iñigo Goenaga (Durango, 1987) hasierako zuzendaritza taldeko idazkaria izan zen. Gerora, erreleboa etorri da eta Ander Azkarate (Durango, 2000) zuzendaritza berriko kidea da. 

Iñigo, zu sorreratik zaude taldean. Zergaitik sortu zenuten Indarpak?
Iñigo Goenaga: Betidanik Iurretakon futbolean genbiltzan futbolari kuadrilla bat ginen. Urteak aurrera joan ziren eta futbola uzten genbiltzan. Bata bizikletan zebilen, bestea korrika… Indarpakeko burua ere taldekoa zen eta triatloia probatu gura zuen. Berak, beste lagun batek eta hirurok Zumaiako triatloi esprinta egin genuen eta gustura aritu ginen. Indarparkeko arropa atera genuen eta han eta hemen lehiatzen hasi ginen. Orduan okurritu zitzaigun: "Zergaitik ez dugu duatloien eta triatloien inguruko talde bat egiten?". Bat-bateko gauza bat izan zen, beroaldi baten ondorioa. Lizentziak ateratzen, estatutuak onartzen eta ardurak banatzen hasi ginen. Bost-sei lagun ginen eta apurka jende berria heltzen hasi zen. Baten laguna, bestearen ezaguna… Konturatu orduko hamabost edo hogei ginen. 

Eskualdean triatloi talde gehiago dago, Mugarra Triatloi Taldea, esaterako. Ez zen errazagoa talde horietako batera batzea?
I.G.: Mugarrak beste seriotasun maila bat du eta guk informaltasun puntu bat bilatzen genuen. Guretzat hobby bat zen eta beste exigentzia eta konpromiso maila batean geunden. Norbait askotan entrenatzen bazen, ondo, baina norbait hiru-lau hilabetean etortzen ez bazen ere, ondo. 

Idazkari lanak egiten zenituen. Kanpotik dirudien baino lan handiagoa da?
I.G.: Askoz handiagoa. Fitxak kudeatu, federazioagaz berba egin, honek arazo bat zuela, besteak beste bat… Horrelako lanak sekula egin bakoa nintzen, eta, hasieran, urduri nenbilen. [Anderri begira] Zuk igarriko duzu orain, ezta? 
Ander Azkarate: Bai horixe! Nik ere ez nekien askorik. Eskerrak zuzendaritza honetan aurrekoan egondakoren bat ere badagoela. Denen gomendioak ondo etorriak dira.

Iñigo, nekea izan zen aldaketaren arrazoia?
I.G.: Etapa baten amaiera izan zen. Sartzen zarenean ilusioz eta proposamen denak aurrera ateratzeko indarragaz sentitzen zara. Eta niretzat hortxe dago inflexio puntua: proposamen berrien balazta bihurtzen zarenean, aurrera ateratzeko indar gutxigaz sentitzen zarenean, alde batera egin eta erreleboa emateko unea da. 

Gaur egun mendi lasterketetan dabilen talde bat dago, asfaltoan dabilenen bat ere bai… Ez diozue ezeri aterik ixten.
I.G.: Taldeko giro ona ikusita etorri zirela pentsatzen dut. Egia esanda, trailerako afizio handia dago inguruotan. Pentsa, Indarpaken dauden kide batzuek Mañaritik Atxetara mendi lasterketa sortu zuten iaz. Atea zabalik dugu kirola egin gura dutenentzat. Beste batzuek esan ziguten ez zutela lehiarako interesik, baina ea gugaz bizikletan irteteko aukerarik bazuten. "Bai, jakina", esan genien. Beste adibide bat: hasieran, Derioko lagun bi batu ziren, taldean giro ona ikusten zutela eta batzeko gogoa zutela eta. Oraindino taldean daude. 
A.A.: Gero, arlo soziala lantzen ere ahalegintzen gara. Gure jarduna euskaraz egiten dugu eta kirola euskara sustatzeko baliatu gura dugu. Azken Korrikan kilometro bat hartu genuen. 

Antolatu duzue ezer urteurrena ospatzeko?
A.A.: Horixe da gure asmoa. San Migel jaietan ekintzaren bat egin gura dugu umeei kirola ezagutarazteko. Iurretako Udalak laguntza handia eman digu eta herritik jasotakoa herriari bueltatzea gura genuke. 

Iaz Zarauzko triatloia egin zenuten biok, Euskal Herriko prestigiotsuenetarikoa. Zelan joan zen?
I.G.: Oso pozik nago amaitu izanagaz, urte bi inguruan triatloi bat egin barik nengoen eta. Parte hartzen nuen bigarren aldia zen. Han bizi den giroa ikaragarria da. Jende asko joaten da, ez Euskal Herritik bakarrik, baita estatu osotik ere. 
A.A.: Nik lehenengoz parte hartu nuen. Igeriketan nabil txartoen, eta triatloi honetakoa normalean baino luzeagoa da: ia 3.000 metro, Getariatik Zarautzera. Hala ere, gozatu egin nuen. Gero, bizikletako atalean oso igoera gogor bat dago. Jende asko batzen da animatzeko. Tourreko igoera baten antza du. Oso momentu berezia da.

Aurrera begira, zer asmo duzue kirolean?
A.A.: Niri gehiago gustatzen zaizkit proba luzeagoak, ez hain erritmo bizikoak. Gasteizko Half-erako izena eman dut. Ekainaren 7an da.
I.G.: Aurten ez naiz gehiago lehiatuko. Etorkizunera begira, ironman oso bat egitea gustatuko litzaidake. 
A.A.: Datorren urtean Alpe d'Huezeko triatloi luzea egin gura nuke. Ez du Iron Man distantzia, baina, korrika nahiz bizikletan sekulako desnibelak dituenez, antzeko denboretan egiten da. 

Non ikusten duzue Indarpak hamar urte barru?
A.A.: Indarpakek jaio zeneko esentziari eusten badio urte askoan iraungo duela uste dut. Kirolari ez ezik lagun giroari ere eutsi diezaiola gura nuke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!