Iurretako EH Bilduk udaleko brigadaren egoera eta funtzionamendu "txarra" salatu du. "Izatez, brigadarako lau postu zehazten dira udaleko lanpostu zerrendan, baina badira aste batzuk langile falta nabaria dutela, eta uneotan bi bakarrik daude taldea", ohar batean nabarmendu dutenez. Horrek langileen baldintzetan ez ezik herriko egunerokoan eragiten duela azpimarratu dute. "Izan ere, hainbat lan atzeratzen ari dira". Brigada indartzeko neurriak eskatu ditu EH Bilduk: "Langile gehiago kontratatzea premiazkoa da une hauetan".
Talde subiranistak EAJren gestio "txarra" kritikatu du, eta Oskar Koka alkateari "gezurretan aritzea" egotzi dio. Azken udalbatzarrean udaleko brigadaren egoera mahai-gaineratu zuen EH Bilduk. Horren aurrean, alkateak brigada osatzeko lan-poltsa hutsik dagoela azaldu zuen, eta horregatik ezin izan dutela inor kontratatu. EH Bilduk dio "gezurra" dela: "Jakin dugunez, lan-poltsan 25 pertsona daude itxaroten, eta inori ez dio deitu udalak". Gaineratu dutenez, "udal gobernuaren gestioa larria iruditzen zaigu, eta herritarrei gezurretan aritzea oraindik eta larriagoa". Aurreikuspen falta ere egotzi diote EAJri. Diotenez, "brigadako taldean egon diren bajak ez direlako egun batetik besterakoak izan".
Udaleko brigadaren arazoak "atzetik" datozela nabarmendu du EH Bilduk. "Besteak beste, lanak garatu ahal izateko material falta izan dute beharginek, eta eskura duten erreminta ugari zaharkiturik daude. Egoera hori ikusita, baliabideak hobetzeko beharra ikusten dugu".