Karropoteo jendetsu eta ikusgarriak egin izan dituzte Durangoko jaietan, eta aldarrikapenen lehenengo lerroan egon izan dira beti, egoerak halantxik eskatu izan duenean. Alabaina, oraingo honetan, Durangoko Kuir Eztanda kolektiboko kideek beste egitasmo bat antolatu dute; udaberrian sartzeagaz batera, Ekuirnokzioa ospatuko dute Iurretako Abadetxean. "Azken urteotan taldea indartzen ibili gara, eta iruditzen zaigu halako identitate bat saretzea lortu dugula. Orain, jaia bakarrik barik, hausnarketa ere landuko dugu", adierazi dute Usue Egiak eta Josu Belarrek, Kuir Eztandako kideek. Hori dela eta, zapatu eguerditik aurrera herrietako bizipen kuirrei buruzko hausnarketak partekatuko dituzte mahai-inguru batean. "Elkar saretzeko eta bizipenak partekatzeko ekintza izango da", azaldu du Egiak. "Elkar saretzeko eta baita elkar ezagutzeko ere", gaineratu du Belarrek, "izan ere, gure herriko eta eskualdeko LGTB kide askok ez dugu elkar ezagutzen. Hori lantzea, beraz, esanguratsua da jada. Geure buruari esan genion: egingo dugu jai bat elkar ezagutzeko?". Esan eta egin. Mahai-inguruan Arrasateko Morbor elkarteko kideek, Uribe Kostako Ukatu Disidentziak eta etxekoek, Kuir Eztandakoek, parte hartuko dute. "Askotan, LGTB komunitateko kideok hirira jo behar izan dugu erreferentzia eta askapen bila, baina guk gure herrietan zeozer sortu gura dugu, pozik bizi gara-eta hemen. Horrenbestez, gure erreferentziak sortzeko eta elkar ezagutzeko eguna izango da zapatukoa", azaldu du Egiak.
Ekuirnokzioa 12:00etan hasiko da, harrera ekitaldiagaz. 12:30ean mahai-ingurua egingo dute herrietako bizipenak partekatzeko. 14:30ean bazkari beganoa izango dute, eta 16:30ean fanzine tailerra. Arratsaldean eta gauean jaia egingo dute. 19:00etan poteoa izango dute, eta 21:30ean drag emanaldiak: Ay Dragmela! eta Warras Bizarras.