Indarpak kirol klubak hamargarren urteurrena ospatuko du aurten

Joseba Derteano 2025ko mar. 13a, 08:49

Indarpaken aurtengo aurkezpeneko familia argazkia.

Iurretako kirol klubak 40 bat kirolari ditu gaur egun duatloi, triatloi eta mendi lasterketetan.

2025a urte berezia da Iurretako Indarpak kirol klubarentzat, hamar urte egiten dituelako. Lagun talde batek duatloietan eta triatloietan parte hartzeko sorturiko kluba haziz joan da apurka-apurka, eta gaur egun 40 bat kirolari batzen ditu.

Gaur egun, klubeko denak ez dabiltza duatloian edo triatloian. "Kirol mota gehiagori atea zabalik duen kluba da", Jon Mendizabal Indarpakeko kidearen esanetan. Horrela, kirolari batzuk mendi lasterketetan korrika dabiltza eta badago asfaltoan zentratuta dabilenik ere. 

Kiroletik balioak eta euskara sustatzen ere ahalegintzen dira. Esaterako, azkenengo Korrikan kilometro bat hartu zuten eta euren hartuemanak euskaraz izaten dira.

Urteurrena ekimen bategaz ospatzeko asmoa dute. Oraindino ideia bat baino ez da, baina Iurretako jaien inguruan eta umeei begirako ekimenen bat antolatzea gustatuko litzaiekeela adierazi dute.

Babesleak garrantzitsuak dira jarduera aurrera eramateko eta eskerrak eman dizkiete babesle dituzten Indarpak Precision, GCH, Elorriaga kirolak, Ekana eta Iurretako Udalari. 

Indarpakeko kideak Korrikan lekukoa eramaten. (Instagram: indarpak_kirol_kluba)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!