Ana Urkidi eta Anderebideko kideak baserririk baserri ibili dira atzoko eta gaurko emakumeen bizimoduak eta pentsamenduak batzen. Itxaroten zuena baino askoz gehiago eman dion esperientzia izan dela dio Urkidik, eta oso aberasgarria izan dela.
Zelan sortu zen proiektua?
Urriaren 15a landa eremuko emakumeen eguna da. Egun horri begira, 2023an, eurei buruzko bideolan txiki bat egin eta horren inguruan solasaldi bat antolatu zen. Denak prest egon ziren euren esperientziak partekatzeko, eta oso giro ona sortu zen. Testigantza gehiago beste inon jasota ez geratzearen pena geratu zitzaigun. Iaz sormen beka lortu genuen eta horregaz hasi ginen lanean.
Zenbat emakumegaz egon zarete?
Adin guztietako 28 emakumegaz egin genuen hartu-emana, eta euretariko 22 elkarrizketatu genituen. Denak euskaldunak dira eta gaztelaniazko azpitituluak gehitu dizkiogu. Nagusienak 96 urte ditu, eta gazteenak 19 urte. Kasuren batean, familia bereko hiru belaunaldi hartu ditugu: amama, alaba eta iloba. Hasieran, sasoi bateko emakumeen esperientziak jasotzea zen gure asmoa, iraganari buruzko ikuspegia jasotzeko, baina gero zabaldu egin genuen adin tartea, urteetan gertatu den garapena erakusteko eta gaur egunari eta etorkizunari begirako begirada gehitzeko.
Zelakoa izan zen grabazio prozesua?
Eurekin aurrez aurre berba egin behar genuela erabaki genuen. Hau da, kotxea hartu, etxeetara joan eta proiektua azaldu. Bideogintzan profesionalak direnekin egindako grabazioak izango zirela, kamera bigaz grabatuta. Sarritan esaten ziguten: "Zer esan behar dut nik, ba! Nik esateko dudanak ez du garrantzirik". Baietz esaten genien, euren esperientziak eta pentsamenduak jasotzeak garrantzi handia zuela eta beste batzuk islatuta sentitu zitezkeela. Egia esanda, denak oso eskuzabal eta proiektuan parte hartzeko prest agertu ziren.
Material asko batu zenuten?
Bai. Ordubete baino gehiagorako materiala geneukala konturatu ginen. Sormen bekak bideo baterako ematen zigun, atzoko begiradari buruzkoa egiteko. Orduan, bigarren bideolan baterako finantziazio bila hasi ginen. Kofradiengana jo genuen eta hasiera-hasieratik baietz esan ziguten, proiektu interesgarria eta garrantzitsua iruditzen zitzaiela. Gero, beste enpresa biren laguntza izan dugu: Smurfit-Westrock eta Furesa enpresena. Bideolanagaz gainera, liburuxka bat ere prestatu dugu.
Nagusienak garai aldaketen testigu izan dira. Zer kontatzen dute?
Oso testigantza interesgarriak dira. Batzuek kontatu digute zelan jaisten ziren Goiuriatik astoagaz bidexketatik, orduan ez zegoen errepiderik eta. Edo zelako aldaketa bizi izan zuten etxean garbigailua sartu zenean; edo traktorea sartu zenean. Berdin behiak batzeko makinagaz. Lan gogorra izan dela diote. Beste batek kontatu zigun zenbat kostatu zitzaion pentsioa lortzea, lehen ez zuelako jubilaziorik. Batera joan, bestera joan, ez zen erraza izan.
Zer diote gaur egungo egoerari buruz galdetuta?
Landa eremuko bizilagunen bizitza komunitarioa galdu egin dela diote askok. Lehen, inguruko baserrietakoak baserri batean batzen ziren, kartetan jokatzeko edo meriendarako. Ohitura hori guztiz galdu dela kontatu dute. Orain familiakoak familiakoekin batzen dira. Horrez gainera, gaur egun baserrian lan egiteko testigua hartuko duen inor ere ez datorrela diote askok. Badaude salbuespenak ere. Esaterako, Iurretan ortu ekologikoak daude eta horietan dabiltzan emakume bi elkarrizketatu ditugu. Biek hartu-eman handia izan dute baserriagaz, herrigunera joan aurretik. Biak oso gustura dabiltza.
Gazteenek beste era bateko errealitate bat biziko zuten.
Bai. Gazteenak, 19 urtekoak, baserria bere toki segurua dela dio. Birramama, amama, ama eta izeko baserri mundukoak ditu, umetatik ezagutu duen bizimodua da eta beretzat bere leku segurua da baserria. Bestalde, gazteagoak direnentzat landa eremua bizitokia da, bizimodua aurrera ateratzeko lantokia baino gehiago. Edo bien arteko konbinazioa; hau da, baserriko beharra kanpoan duten lanagaz bateratzen dute. Askok goi mailako ikasketak dituzte. Esate baterako, elkarrizketatu bat erizaina da. Krisi ekonomikoa heldu zenean, senarra beharrik barik geratu zen. Orduan, bera lanaldi osoan hasi zen, eta senarra baserrian abereak gobernatzen hasi zen. Oso ondo irten zitzaien. Krisiaren irtenbidea baserrian aurkitu zuten. Orain, seme biek ere laguntzen diete etxean.
Arlo pertsonalean, esperientzia polita izan da?
Oso aberasgarria izan da. Baserririk baserrira gauza desberdinak ikusten eta jakiten genituen, aurretik batu bako ikuspuntu, errealitate eta esperientziak. Esate baterako, 96 urtekoa elkarrizketatzera joan ginenean, auzokide bat han inguruan zebilela ikusi genuen. Berarengana hurbildu ginen. Ortuan tomate barietate handia zuela esan zigun. Ortua ikustera joan eta liluratuta geratu ginen. Landare bati erreparatu genion eta tomate-arbola zela esan zigun. Ematen dituen tomateak zukuan baino ez ei dira kontsumitzen, ez ei dira jatekoak. Eta bere ahizpak arabiar arrazako zaldiak hazten ditu eta konpetiziorako hezten ditu. Zaldi asko atzerrira saltzen ditu.
Beraz, itxaroten zenuen baino gehiago jaso duzu.
Askoz ere gehiago. Ezagutzen ez nituen tokiak eta jende asko ezagutu ditugu. Testigantzetan sorpresa handiak eraman ditugu. Hain inguru txikian hainbeste sorpresa hartzerik ez nuen inondik inora espero. Azken batean, Iurretan ibili gara, herri txiki batean. Anderebidetik, emakume elkartea izanik, ikusten genuen landa eremuko emakumeekin herrigunekoekin baino lan gutxiago egin dugula, eta haiengana hurbiltzea ere komeni zitzaigula. Hartu-eman hori landu gura genuen. Ezagutzen ez genituen errealitateak ezagutu ditugu. Esate baterako, emakume batek kontatu zigun lehen senarrak eramaten zuela kotxea, eta alargun geratu denetik mugikortasuna galdu duela, bidea arriskutsua delako oinez ibiltzeko. Landa eremuen eta herriguneen arteko deskonexioa hausteko modua ere izan da.