Martxoak 8

Iurretako landa eremuko emakumeen testigantzek abiatuko dute Martxoak 8ko egitaraua

Anboto 2025ko ots. 26a, 20:24

Martxoaren 8aren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Iurretan. Anderebide elkarteak Iurretako landa eremuko emakumeen testigantzak jasoaz sortutako bideoak abiatuko du egitaraua, martxoaren 7an.

Iurretako Udaleko, Anderebide elkarteko, Auskari gazte feminista taldeko eta Nagusien Elkarteko ordezkariak batu dira Goiuria kulturgunean, gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira prestatu duten egitaraua  aurkezteko. Iurretako Landa Eremuko Emakumeak. Atzo, gaur eta bihar izenburupean sortutako bi bideoetariko lehenak abiatuko du egitaraua, martxoaren 7an. Iurretako Landa Eremuko Emakumeak. Atzo ikus-entzunekoa 18:15ean emango dute, Ibarretxe kultur etxean. Martxoaren 20an eskainiko dute bigarrena, Iurretako Landa Eremuko Emakumeak. Gaur eta bihar izenekoa.

2024ko Iurretako Sormen Beka lortu ondoren, Anderebide elkarteak bultzatuta sortutako proiektua da Iurretako landa eremuko emakumeen testigantzak biltzen dituena. Elkarteko Ana Urkidik azaldu duenez, "19 eta 96 urte bitarteko profil askotariko 22 emakumeren testigantzak batu ditugu bi bideotan. Euskaraz jasotako testigantzak dira guztiak, aberasgarriak denak". Gaineratu duenez, liburuxka bat ere kaleratu dute, testigantzen laburpenekin. Proiektu guztia aurrera ateratzeko Iurretako kofradien eta Smurfit Westrock eta Furesa enpresen laguntza ekonomikoa ere izan dute.

Martxoak 8an, manifestazioa

Askondotik abiatuta manifestazioa egingo dute martxoaren 8an, 12:00etan. Eta, ondoren, baflepoteoan elkartuko dira. Aboro jatetxean bazkaria egingo dute, eta, arratsaldean, luntxa eskainiko dute Nagusien Egoitzan. Dj-a ere egongo da. 

Emakumeak eta literatura solasldia prestatu dute martxoaren 13rako, eta, martxoaren 20an, Landa Eremuko Emakumeei esker ona ekitaldia egingo dute. Askondo kalean plaka bat jarriko du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!