Iurretako Udalak aurtengo aurrekontu parte hartzaileen prozesua hasiko du datorren martxoaren 3an. Herritarren proposamenak batuko dituzte lehen fase batean. Martxoaren 16ra bitartean izango dute horretarako aukera iurretarrek. Bigarren fase batean, bideragarriak diren proiektuak lehenetsiko dituzte. Hautatutako proiektuak gauzatzeko 50.000 euroko diru-poltsa izango du udalak.
Herritarrek euren proposamenak helarazteko hainbat bide zabaldu ditu udalak. Iurretako hainbat establezimendutan hautestontziak jarri dituzte. Baita udal bulego eta eraikinetan ere bai, jendeari arreta emateko ordutegiaren barruan. Era berean, udaleko webgunean formulario bat beteta ere aurkeztu daitezke proposamenak, edo etxeetara bidalitako inprimakian dagoen Qr kodigoa erabilita.
Zalantzak argitzeko aukera
Bestalde, zalantzak argitzeko eta prozesuari buruzko azalpenak emateko txokolatada informatiboa antolatu du udalak, martxoaren 6rako. Nagusien Egoitzan izango da, 17:00etan. Gainera, martxoaren 5ean, auzoetara hurbilduko dira bi teknikari azalpenak emateko eta herritarren ekarpenak batzeko.
Aurrekontu parte hartzaileen bitartez, iurretarrek proposatutako hainbat proiektu bideratu ditu udalak. Besteak beste, komun publikoak jarri dira, bide publikoan ez labantzeko tratamendua ezarri da, gabonetako argiztapena hobetu da, eta, Maspe kalearen eta ibaiaren arteko eremua egokitu dira. Iazko aurrekontu parte hartzaileetan 'Colacao' itzulia egokitzea erabaki zuten. Laster gauzatuko dituzte lan horiek.