Saharar errefuxiatuei laguntzeko kanpaina hasi dute Iurretan

Anboto 2025ko ots. 17a, 11:40

Iurretako udal ordezkariak.

Iurretako Udalak Elikagai kilo bat errefuxiatuentzat, liburu bat zuretzat! kanpaina solidarioari ekin dio aurten ere. Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai faltari aurre egiteko, ahalik eta elikagairik gehien eramatea du helburu ekimenak; otsailaren 24ra arte iraungo du.

Ekimenaren bultzatzaileek arroza, konpresa paketeak, pasta, lekaleak, atun latak, sardina latak, azukrea eta oliba olioa batu gura dituzte batez ere, Río de Oro elkarteari eman eta haiek kanpamentuetara bidaltzeko. Dohaintzan emandako elikagai kilo baten edo konpresa paketeen truke liburu bat emango dute.

Trukatzen diren liburuak erakundeek eta partikularrek Herri Bibliotekari egindako liburu dohaintzetatik datoz. Liburuen sailkapena egin da, eta kanpainari liburuak ematea gehitu zaio. Ekimen honekin, elikagaiak biltzeko kanpainan parte hartzeaz gain, irakurzaletasuna sustatu nahi dute ekimenaren bultzatzaileek. Bildutako elikagaiak Rio de Oro Durangaldea GKEra bideratuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!