Durangaldeko Gazte Feministak taldeak deituta, zapatuan Biribilketa egingo dute Iurretan. Euskal Herriko Neska Gazteek udazkenean egingo duten III. Baterajotzearen harira antolatu diren jardunaldi bietako lehenengoa izango da, Iurretako Auskari gazte feminista taldeko Maitane Totorikak azaldu duenez. Apirilean aurreikusi dute bigarrena egitea, Zornotzan.
Besteak beste, Iurretako, Durangoko, Elorrioko, Berrizko eta Zornotzako gazte feministek zapaturako prestatu duten saioan 60 bat gazte feminista elkartzea aurreikusi dute. San Valentin eguna gertu dagoela baliatuta, egun horren bueltan zabaltzen diren rol eta bikote ereduei buruz hausnartu eta eztabaidatuz hasiko dute eguna. San Valenthil tailerra 18:30ean hasiko dute, plazan. Ondoren, poteoa egingo dute.
Montoste elkartean ezagutza jolasak eta afaria egingo dituzte, 21:00etan. "Durangaldeko gazte feministek elkar ezagutzeko eta harremantzeko" aukera izango dute. Ondoren, Irati Otaduik kontzertu akustikoa emango du. Txartelak Portalekua, Urtza, Intxaurre, Castet eta Oreka tabernetan daude eskuragai, sei euroan.
Asteburuko topaketa hauez gainera, Biribilketa Eguna ospatuko dute datorren ekainean. Aurten, jaialdi horren seigarren edizioa izango dela azaldu du Maitane Totorikak.