Errime euskara elkartea sortu dute Iurretan

Anboto 2025ko urt. 28a, 19:38

Herriko hizkuntza politiketan eragitea eta euskararen kalera erabilera sustatzea du helburu sortu berri den elkarteak. 

"Ezagutzaren datuek gora egin duten arren, gure hizkuntzaren erabilera datuak ez dira onak, eta horrek hainbeste maite dugun hizkuntzaren osasun makala agerian uzten du". Egoera horren aurrean, "lan handia" dago egiteko Errime euskara elkartearen ustez, herriko instituzio eta elkarteetatik hasi eta norbanako ororenganaino. Bada, zeregin horretan, eskua errime, irmo, luzatzera dator sortu berri den elkartea.

Herriko hizkuntza politiketan "eragitea" eta euskararen kaleko erabilera sustatzea. Bi helburu horiekin jaio da Errime, Iurretako euskara elkarte berria. "Horrek aliantzak lortzea dakar berarekin: elkarlanean aritzea, laguntzea eta baliabideak eskaintzea", zehaztu dutenez. "Alabaina, gure hizkuntzak jasaten dituen zapalkuntzen aurrean ez direla isilik geldituko".

Aurretik lanean aritu zirenak ahaztu gabe ekin gura dio bideari Errime elkarteak. "Herri euskalduna izan da beti Iurreta. Horrela ezagutu, bizi eta sentitu izan dugu beti iurretarrok, baina hori ez litzateke horrela izango herritar asko eta askoren lanagatik izan ez balitz", nabarmendu dute. Gurien Bai elkartea, eta bertan lanean aritu ziren herritarrak ekarri dituzte gogora. "Bidearen zati bat egin zuten, eta guri dagokigu, orain, hurrengo pausoetarako indar egitea", diote.

Errimeko kideek jakitera eman dutenez, laster egingo dute elkartearen aurkezpena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!