Basatzan bizikleta martxa solidarioa egingo dute Iurretan

Anboto 2025ko urt. 24a, 10:30

Artxiboko irudia.

Basatzan mendi bizikleta martxa egingo dute Iurretan, zapatuan. Zaldai Mendi taldeak zortzigarrenez antolatu du martxa solidarioa, eta baturiko dirua Angelman Durangaldea elkarteari laguntzeko izango da. Askondon ipini dute hitzordua, 10:00etan. 

Zaldaik 28 kilometroko ibilbidea prestatu du, Oiz mendiaren magaletik. Izena eman gura duenak kirolprobak.com atarian egin dezake hori, 10 euro ordainduta. Egunean bertan ere egongo da aukera izena emateko, 09:00etatik 09:45era bitartean; orduan, 13 euro izango dira. Izena ematen duten lehenengo 150 pertsonek buff bat jasoko dute opari.

Gallandara frontalekin
Bestalde, Gallandara mendi irteera egiteko aukera egongo da zapatuan. Ibilaldia 18:00etan hasiko da eta frontalekin egingo dute. Zaldai mendi taldekoek azaldu dutenez, umeekin egiteko moduko ibilbidea prestatu dute. Gainera, txikienek ibilbide erdian batzeko aukera izango dute, Lukuarrietatik hasita. Ibilaldia Askondon hasiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!