"Iurretako herriak, bere bibliotekaren begietatik, zenbait lore ikusten ditu. Lore koloretsuak dira, basatiak, zein baino zein eder eta ezberdinagoak. Lore horietariko asko landa batean hazten dira, Mariasunenean, bere askatasun sortzailean, bere begiradaren izpigorrian, bizitzarekiko bere lotura berezian". Iurretako Herri Bibliotekak berba horiekin eman du Mariasun Landa idazlearenganako esker oneko literatur jardunaldien berri. Urtarrilerako hainbat ekitaldi prestatu dute Landak haur eta gazte literaturan egindako lana ezagutarazteko eta egileari eskerrak emateko. Besteak beste, idazleak berak solasaldia egingo du, Peru Magdalenak gidatuta. Urtarrilaren 23an izango da, 18:30ean.
Bibliotekak ohiko egitaraua egokituko du Mariasun Landaren ondare literarioa ezagutarazteko eta idazlearen "emankortasun literarioa" jaso duten liburuengaitik eskerrak emateko. Landaren liburuak, haren "irakurzaletasunaren defentsa" eta "duintasun askea" nabarmendu dituzte. "Denok dugu krokodilo bat ohe azpian, eta beste zenbait mamu lagun. Horiei guztiei maitasunez begiratzen erakutsi diguzu. Ez da gutxi gurearen moduko herri txiki batentzat", esan dute.
Zazpi idazle
Iurretako bibliotekak 2017an antolatu zuen esker oneko lehenengo literatur jardunaldia. Orduan, Joseba Sarrionandiaren lana aitortu eta eskertu zuen bibliotekak. Harrezkero, Gloria Fuertes, Leire Bilbao, Astrid Lindgren, Joxeantonio Ormazabal eta Lewis Carroll idazleen lana ezagutzeko aukera eskaini dute.
URTARRILEAN ZEHAR • Bibliotekak eskolari eskainitako irakurle klub guztietan HH2-LH6 Mariasun Landaren Txan fantasma liburua landuko da. Urtarrilak 15 • 17:00 Iholdi (LH3) • 18:00 Iholdi (LH4) Irakurle kluba, Peru Magdalenak dinamizatuta. Urtarrilak 22 • 17:00 Txan Fantasma (LH5). • 18:00 Txan Fantasma (LH6). Irakurle kluba, Peru Magdalenak dinamizatuta. Urtarrilak 23 • 18:30 Mariasun Landarekin berbaldia. Peru Magdalenak gidatuta. Izena eman behar da. Urtarrilak 27-30 • Mariasun Landaren ilustrazio tailerra: LH3tik LH6ra arteko ikasleentzat. Urtarrilak 31 • 18:00 Haurrentzako ipuin kontalaria: 'Taxia paradisura' • 19:00 Helduentzako ahozko narrazioa: 'Taxia paradisura' (Mireia Delgado). Izena eman behar da. |