Domeka honetan lehiatuko den 41. Iurretako Hiri Probak aspaldiko urteetako zirraragarriena izateko osagai guztiak ditu. Hamar kilometroko ibilbidean, Euskadiko txapeldunak erabakiko dira, banaka zein taldeka. Beraz, euskal klubek euren talenturik onenak ekarriko dituzte. Horri, garaipenaren bila irtengo diren nazioarteko hainbat atletaren lehia gehitu behar zaio. Beraz, Iurretako probak pandemia aurretxoan zuen oihartzuna berreskuratuko du aurten. Orduan, 2018an eta 2019an, Espainiako eta Euskadiko txapeldunak erabaki ziren, elkarren segidan.
Aipatutakoa gutxi balitz, beste interesgune bat ere gehitu behar zaio zerrendari. Datorren urtean Espainiako errepideko txapelketa Bilbon izango da. Bertan parte hartzeko gutxieneko markak behar dira, beti ere zirkuitu homologatu batean. 2017tik Iurretak zirkuitu homologatua duenez, hainbat korrikalari gutxieneko marka hori lortu guran etorriko dira Iurretara.
Hori guztia kontuan hartuta, aurten korrikalarien "batez besteko maila oso handia" izango dela azaldu du Bidezabal klubeko presidentea den Juan Ignacio Hernandezek. "Interesgune asko daude eta proba ikusgarria izateko osagai asko ditu", gaineratu du.
Euskadiko txapela irabazteko faboritoak bereiztea ez da erraza. Gizonetan parekotasun handia espero dute adituek eta ez dago faborito argirik. Emakumeetan Elena Loyo arabarra da faboritoetako bat.
Guztira 250 korrikalari inguru batuko dira, euretako 115 bat Euskadiko txapelaren bila. Nazioarte mailako lasterketa eta herrikoia 12:00etan hasiko dira, Maspen. Helmuga Frai Juan Askondo kalean izango da. Probarako izen-ematea kirolprobak.com atarian egin daiteke. Gure duenak 5 kilometroko ibilbidea ere badu aukeran. Horren aurretik, goizean zehar, umeen lasterketak egongo dira, adinka banatuta.
Oskar Koka alkateak aurtengo probaren "aparteko" parte hartzea nabarmendu du, "bai kopuruari dagokionez eta bai kalitateari dagokionez".
ABENDUAK 22 - ORDUTEGIA
- 10:30 Kadeteak eta jubenilak.
- 10:50 Benjaminak eta benjamin-aurrekoak.
- 11:20 Kimuak eta haur-kategoria.
- 11:30 Txupeteak.
- 12:00 Eliteko Hiri Proba eta herrikoia. Juniorrak, absolutuak eta beteranoak.