'Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak' liburua aurkeztu dute

Aritz Maldonado 2024ko aza. 27a, 11:04

Auzolanean sortu duten Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak liburua aurkeztu dute gaur goizean. Liburua bost urteko lanaren emaitza da, eta "memoria literario" ariketa dela azaldu dute. Pamiela argitaletxeak kaleratu du. "Testu zaharrak biltzeko asmoagaz hasi ginen, hainbat bolondres hasi ginen horretan, jaso gabe zegoelako historian zehar Iurretan euskaraz idatzi dena", azaldu du Joseba Sarrionandia idazle eta liburuaren editoreak. Xabier Boveda durangarragaz batera egin ditu editore lanak. 

Herriko euskarazko ondare literarioa jasotzea eta zabaltzea izan da lan honen helburua. "Imajinatzen genuena baino altxor handiagoa topatu dugu, abesti zaharrak, ipuin miresgarriak, tokiko prentsako kronikak... ", azpimarratu du Xabier Bovedak. Liburua testuek, marrazkiek eta argazkiek osatzen dute, besteak beste. "Anekdoten hiztegi moduko bat osatu dugu baita ere, esaera-hiztegi formatuan, edo. Testuen aukeraketagaz, gaur egun 90 urte edukiko dituen baten ikuskera eta hizkera erakusten ditu liburuak, zelanbait esatearren", azaldu du Joseba Sarrionandiak. "Kontua ez da Iurretan ez dela idatzi, baizik eta orain artean ez dela batu", gehitu du gero Bovedak. "Hegan egin gura zuen satorraren metaforaren politagaz borobildu dugu liburua; Charif Aomar Omar ume iurretarrak idatzitako istorioa da", amaitu du Sarrionandiak. 

Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, bilduma bateko lehenengo alea da liburua, eta beste hainbat ale egiteko asmoa agertu dute, tartean, Durangaldeko beste hainbat herritakoak.

Ekitaldiak Iurretan

Bestalde, Oskar Coca alkateak eta Zorione Fundazuri zinegotziak Iurretan datozen asteetan egingo diren jardueren berri eman dute. Alde batetik, abenduaren 17an Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak liburuaren aurkezpen didaktikoa egingo dute Ibarretxe kultur etxean; apirilaren 23an liburuaren irakurtaldi publikoa antolatu gura dute, beste alde batetik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!