Azaroaren 24an 100 urte beteko dira Iurretako Arriandi auzoan dagoen Amezketako eskola sortu zutela, eta auzoan modu berezian ospatuko dute mendeurrena. Iurretako Udalak eta Santa Mañako Kofradiak, Arriandiko Jai Barzordearen laguntzagaz, hainbat ekitaldi prestatu dute, auzoan horren esanguratsua izan den eskolaren historia gogoratzeko. Eskolak 1924an zabaldu zituen ateak, eta orain 20 bat urtera arte egon zen zabalik.
Txaro Larrinaga Amezketako eskolan ikasi zutenetariko bat da. "Orduan, 50 neskato eta beste horrenbeste mutiko ibiliko ginen eskolan. Gure aita ere urte bigaz hasi zen bertan, aurretik ez zegoelako lekurik", gogoratu du. "Amezketako eskola erreferente bat izan zen garai batean, eta polita izango da zapatuan eskolagaz lotura izan genuenok elkartzea", gaineratu du.
Ametza landatuko dute
Eskolaren historiari buruz Iñaki Goioganak emango duen berbaldiagaz hasiko dituzte ekitaldiak, 12:00etan. Ondoren, Kristina Mardarasek eta Justo Alberdik zenbait bertso kantatuko dute, eta Rafa Sarrionandiak banango zaharra dantzatuko du. Jarraian, oroimen plaka ipiniko dute eskolako atarian. Eta, ekitaldia bobobiltzeko, ametz bat landatuko dute. Bertaratzen direnentzat luntxa ere prestatu dute antolatzaileek.
Egunean bertan, Amezketako eskolaren historia ez ezik auzoaren historia ere batzen duen argazki erakusketa ipiniko dute ikusgai. Auzokoek utzitako ehunka argazki batu dute antolatzaileek, denak Arriandiko historiaren lekuko.