"Klimaterioa emakumearen ahalduntzea dakarren bizi etapa da"

Aitziber Basauri 2024ko aza. 24a, 10:30

'Zaindu zure hormonak 40 urtetik aurrera' izenburupean, Amaia Zabaletak (Urretxu, 1983) berbaldia eman du Iurretan. Emakumearen bizi etapa honetan zaintza osasuntsuak duen garrantzia nabarmendu du

Emakumeek bizi etapa berri baten aurrean ikusten dute euren burua 40 bat urte dituztenean: klimaterioa hasten da orduan, ugalkortasuna gutxitu eta aldaketa hormonalak hasten diren sasoia. Menopausiaren aurreko urte hauetan, emakumeak hainbat aldaketa igartzen hasten dira.

Klimaterioan sartuta, zeintzuk dira emakumearen gorputzean gertatzen diren aldaketa nagusiak?
Emakumezkoen sexu hormona nagusietariko bi galtzen joaten gara: estrogeno eta progesterona kontzentrazioa jaisten doa apurka. Emakumearen bizitza ugalkorrean zehar, hormona horiek funtzio garrantzitsu asko dute gorputzean. Beraz, garai horretatik aurrera, funtzio horiek apur bat baxuago egongo dira, estrogeno eta progesterona kopuruek behera egiten dutelako. 

Zeintzuk funtzio dira horiek?
Estrogenoak eta progesteronak asko laguntzen dute kudeaketa emozionalean; baita hezurren osaeran ere. Gorputzaren formaren, grasaren eta azukrearen kudeaketan ere laguntzen dute. Beraz, horiek galtzen goazen neurrian beste modu batera bideratu behar ditugu funtzio horiek guztiak.

Zelan zaindu behar gara aldaketa horien aurrean?
Baliabide aukera ikaragarri handia da. Baina elikadura zaintzea eta bizi estilo osasuntsua eramatea da garrantzitsuena nire ustez, naturarekin ahalik eta konexiorik handiena izanda. Elikadurari dagokionez, prozesatuak utzi eta elikagai errealak jatea izan beharko luke beti eman beharreko lehenengo pausoa. Bestalde, bizimodu osasuntsua eraman beharko genuke, gero eta bizi estilo naturalagoa: ariketa fisikoa eginez, kudeaketa emozionala landuz, eta naturagaz, lurragaz eta eguzkiagaz konektatuz... Eguzkia lurraren, gizakien, animalien, landareen, gure bizitzaren...  motorea da, denon motorea. Eguzki argirik gabe eta eguzkitara irten gabe ez gara ondo sentituko. Bada, eguzkiak edozein zaintza osasuntsuren oinarria izan beharko luke.

Disruptore endokrinorik bako produktuak erabiltzea ere gomendatzen duzu.
Hala da, bai. Disruptore endokrinoek gure estrogenoen oso antzeko formatua dute eta gure gorputzera sartzen direnean benetako estrogenoei tokia kentzen diete, gure gorputzean izugarrizko toxikotasuna eraginez eta gure sistema hormonal guztia aldatuz. Xanpuetan, desodoranteetan, makillajeetan, kremetan, pinturetan, arropa sintetikoetan, zartagin itsasgaitzetan... daude. Garbiketa produktuak, adibidez, disruptore endokrinoz josita daude. Beraz, erabiltzen ditugun produktuetan zenbat disruptore endokrino dagoen begiratu beharko genuke. Oso kaltegarriak dira, emakumeentzat zein gizonentzat, eta ahalik eta kontaktu gutxien eduki beharko genuke molekula horiekin. Beraz, produktu ahalik eta naturalenak erabiltzea gomendatuko nuke.

Zelan bizi ditugu emakumeok aldaketa horiek? Zelanbaiteko beldurra sortzen dute? 
Beldurra eta ezjakintasuna. Horietxek dira bi hitz gakoak. Agian, ezjakintasuna gehiago, horrek eragiten duelako beldurra. Menopausia emakume zaharrei gertatzen zitzaien zerbait bezala izan dugu beti; baliteke orain dela urte batzuk horrela izatea. Duela belaunaldi batzuetako emakumeak menopausiaren garaira heltzen zirenean, bizi esperantza eta neurri handi batean bizitasuna galtzen zuten. Gaur egun ez da horrela. Menopausiara heltzen ari garenean konturatzen gara ez garela horren zaharrak. Bizi-etapa horretara heltzen garenean, oraindik asko dugu bizitzeko, eta indartsu gaude, oso indartsu gainera. 

Emakumeak geroago eta jakitunago dira klimaterioak dakartzan aldaketez? 
Jakitunago gara bai, baina ez hori bakarrik; aurrerantzean ere ondo sentitu gura dugu. Duela belaunaldi batzuk oso onartuta zegoen zerbait izan zitekeen. Asko hitz egin gabe gainera, norberak berera eginez, seguruenik beste ezer egin zitekeenik pentsatu gabe. Gaur egun, zorionez, ez da horrela. Klimateriora heltzen garenean, 40tik 50 urtera arteko tarte horretara heltzen garenean, gure gauzak egiten jarraitu gura dugu, ahalik eta ondoen gainera. Oraindik urte asko geratzen zaizkigu.

Hainbat dira kasuistikak, baina zeintzuk dira aldaketa garai horretara heltzen gabiltzala erakusten duten sintomak? 
Sintomak desberdinak eta ugariak dira: gorputza aldatzea, gizentzea, sofokoak, gauean esnatzea, ilea erortzea, azala desberdin edukitzea.... Eta sakonago joaten bagara, arazoak izan daitezke hezurretan, gibelean, digestioan... Ez da hiruko erregela bat: emakumezkoek sexu hormonak galtzen ditugu eta honako sintoma hauek ditugu. Ez da horrela. Emakume batzuek sintoma batzuk dituzte, eta beste batzuek beste batzuk. Baliteke batzuek inongo sintomarik ez izatea, eta beste batzuek sintoma guztiak sentitzea. Argi dago ez dela gauza fisiko edo fisiologiko bat bakarrik. Beste aldagai pertsonal batzuk sartzen dira jokoan: norberak nola bizi duen momentu horretan pasatzen ari zaion hori. Gestio emozionala edo norberaren bizipen horien gestioa, hortxe dago gakoa. Momentuan tokatzen zaizun hori ahalik eta ondoen bizi behar duzu. Egin nahi duzun horretan atentzioa jarri, eta barruan duzun hori aurrera eraman, zure barruari kasu eginez. Horixe izango da beti garrantzitsuena.

Aldaketa hori zelan kudeatu emozionalki, hortxe dago gakoa.
Ez bakarrik emozionalki. Ez gara ari soilik gure egunerokoan emozioak kudeatzeaz, geure buruak eskatzen digun horri kasu egin eta aurrera eramateaz baino. Horixe da garrantzitsuena, eta horretarako dator bizi etapa hau. Zaila iruditzen zaigu orokorrean, pentsa zenbat gauza utzi behar diren atzean. Eta, naturalagoa den arren, sintoma guztiak kenduko dizkigun pilulatxo bat nahi izaten dugu askotan. Arlo hori lantzen dut nik. Behar denean, laguntza jartzen dugu, edo belarrekin egindako osagarri bat, jakina. Baina horren atzetik dagoen lan guztia da garrantzitsuena, norberak barrutik egin beharreko lana. 

Aipatu duzu emakume batzuek inolako sintomarik barik bizi dutela bizi etapa hau.
Bai, hala da. Emakume hori ondo sentitzen bada, seguruenik badabil zaintza edo bizi estilo osasuntsua egiten. Naturarekin konektatuta bizitzea baino ez da behar, nire ustez. Zaintza osasuntsua denok egin beharreko kontua dela uste dut. 

Estigma eta ezjakintasun handia dago menopausiaren inguruan. Zeintzuk dira dauden mito nagusiak?
Aurretik esan dugun moduan, emakume zaharrei gertatzen zaien kontua dela pentsatzea. Horixe da mito nagusia. 40 bat urterekin dagoeneko aldaketa asko gertatzen hasi direla konturatzerakoan, emakume askok uste dute ezin daitekeela izan menopausiaren bidean egotearen sintoma. Baina izan liteke, jakina. Horrek bakarrik beldurra sortzen du, ezjakintasunak eragindako beldurra. Izan ere, uste dugu menopausia 55 urtetik gora gertatzen den kontua dela. Eta ez da horrela. 35-40 urterekin aldaketa asko sumatzen hasten dira. Berrogeita gutxi urterekin ziklo menstruala galtzen duten emakume asko daude. 

Bizitzaren etapa honetaz berba egitea lagungarria izaten da?
Bai, noski. Konturatzen zarenean inguruko emakumeei zer gertatzen zaien, askotan konturatzen zara uste baino ohikoagoa dela. Agian prozesu horretan zaudela konturatu zaitezke. Hitz egiteak asko laguntzen du, gauzak kontatzeak. 

Bizi etapa hau emakumearen ahalduntzeagaz lotzen duzu.
Klimatorioa emakumearen jakinduria, maestria eta ahalduntzea dakartzan bizi etapa da. Norberak bere barruan dakarrena ateratzeko eta aurrera eramateko etapa. Ez gure ingurukoek (lagunek, familiak, bikotekideak, umeek...) eramatekoa. Guk geuk zer nahi dugu? Zein da gure pasioa? Hori guztia azaleratu beharreko bizi etapa da, eta horrek ahalduntzea ekarriko du. Pentsa zer-nolako ahalduntzea dakarren norbere buruarekin, norbere barruarekin, konektatuta bizitzeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!