Iurretako bi etxebizitzatan egin dute lapurretan, azken egunotan

Anboto 2024ko aza. 5a, 14:56

Azaroaren 2an eta atzo gertatu ziren lapurretak eta inor ez zegoen etxean lapurrak sartu ziren momentuan. Ertzaintzak argitu duenez, ez dute seinale edo marka berezirik aurkitu.

Iurretako bi etxebizitzatan egin dute lapurretan, azken egunotan. Ertzaintzak azaldu duenez, azaroaren 2an eta atzo gertatu ziren lapurretak, eta inor ez zegoen etxean lapurrak sartu ziren momentuan. Argitu dutenez, ez dute seinale edo marka berezirik aurkitu. 

Ertzaintzak azaldu duenez, herritarrek hainbat neurri hartu ditzakete lapurretak ekiditzeko. Etxetik kanpo egonez gero, atea beti giltzaz ixtea gomendatu dute, eta oporretara joaterakoan, ezezagunen artean noiz goazen ez esatea, eta senide edo lagun bati posta hartzea eskatzea. Bitxiak eta obkjektu baliotsuak leku seguruan gordetzea eta telefono finkoa mugikorrera desbideratzea dira hartu daitezkeen beste neurri bi. Objektu baliotsuei argazkia ateratzea eta marka, modeloa eta serie-zenbakia apuntatzea ere gomendatu dute, lapurtuz gero, identifikatu ahal izateko.

Etxean gaudenean atea ireki baino lehen behatxulotik begiratzea gomendatzen du Ertzaintzak. Era berean, deitzailearen identitatea jakin gabe atezain automatikoa ez zabaltzea eta atarian sartzen ez uztea pertsona ezezagunei, besteak beste."Etxean lapurreta egin badizute, ez sartu, ez ukitu deus eta eman gertatutakoaren berri Ertzaintzari, 112ra deituz", gaineratu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!