Elkarrataratzera deitu dute Iurretako jaietan egondako eraso matxistak salatzeko

Anboto 2024ko urr. 10a, 08:51

Mobilizazioa 19:00etan izango da, Askondon. Asteburuan egondako eraso matxistak salatuko dituzte bertan. Gutxienez, salaketa bat jaso dute Durangoko Ertzaitzaren komisarian. 

Urriaren 5ean, San Migel jaietako bigarren asteburuan, eman zuen gertakarien berri lehenengoz Eraso Sexisten Kontrako Plataformak. "Ez da lehenengo aldia. Jai eremuan eta jai eremutik kanpora gizon bat nesken atzetik ibili zen jarrera baboso eta desatseginagaz. Ikutuak ere egon ziren tarteko". Plataformak kaleratu duen ohar baten arabera, erasotzailea "40-45 urte inguruko" gizonezko bat da, eta duela urte bi ere, gaztetxetik kanporatu zuten "jarrera babosoa erakusteagatik, ikutuak egiteagatik eta neskak deseroso sentiarazteagatik". "Jaietan gertatutakoa ez da kasu isolatu bat. Ez da alkoholak edota emozioak bultzatutako jarrera bat, gizon hau erasotzaile bat da! Ezin diogu garrantzia kendu. Honek erasotutako beste bi biktima daude, gutxienez. Beharrezkoa da jakinaraztea erasotzaile bat daukagula herrian eta hau hemendik kanporatzeko beharra dagoela". 

Ohar berean, Iurretako udaltzainen jarrera kritikatu dute. "Azpimarratzekoa eta kezkatzekoa iruditzen zaigu biktimak laguntza eskatu, eta hauek erantzun eraginkorrik eman ez izana, babesa eskatu zien pertsonarengana ez itzuli izana". Ostera, herritarren jarrera "eskertu eta txalotu" gura izan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!