Iurretako jaietako bariku gauean gertatutako erasoaren berri eman zuten atzo. Jaien bigarren zapatuan, 22:45ean Eraso Sexisten Kontrako Protokoloa plataformako kideek plazako oholtzan irakurritako adierazpenaren bidez gertatutakoaren berri eman zuten. Plataformako kideek azaldu dutenez, "ez da lehenengo aldia. Jai eremuan eta jai eremutik kanpo, gizon bat nesken atzetik ibili da, jarrera baboso eta desatseginarekin. Ukituak ere egon dira tarteko". Egoera honen aurrean, erantzun irmoa eman du herriko mugimendu feministak, jai batzordeak, tabernariek eta udalak, besteak beste, osatutako plataformak: "Behin eta barriro esango dugu garbi geratu arte: ez dugu inolako eraso matxista, arrazista, xenofobo edo homofoborik onartuko". Era berean, "babesa eta elkartasuna" adierazi diete barikuan erasoa jasan zuen emakumeari eta baita "gizon horren jarrera desatsegin eta guztiz lekuz kanpokoak jasan behar izan dituzten denei".