"Argazkiak zeozer esan behar duela uste dut"

Aitziber Basauri 2024ko urr. 6a, 10:20

Kiotoko (Japonia) tranbian ateratako argazki batek jaso du ANBOTOren saria. Irudia esanguratsua zela eta, momentu hura argazki batean jaso zuen Alazne Urienek (Iurreta, 1993). Berak jakin barik aurkeztu zuen argazkia lehiaketara bere bikotekideak.

Zein istorio dago argazkiaren atzean?
Kiotoko tranbian, banbu baso bat ikustera gindoazela ateratako argazkia da. Komikia irakurtzen zebilen neskato hark harritu egin ninduen. Irudi esanguratsua iruditu zitzaidan. Teknologiaren inguruan murgilduta gaude une oro. Bilboko metroan ere ikusi daiteke, Japonian gertatzen den antzera. Gainera, han, bai metroan bai tranbian, isilik egotera ohituta daude, eta gehienek mugikorra darabilte eskuetan. Geroago eta teknologia gehiago dugu inguruan, eta ematen du ez garela ohartzen. Neskato hura ikusita, pentsatu nuen: Badago esperantza! 

Aro digitalean murgilduta posible da teknologiatik at egotea?
Ez dut uste. Hortxe dugu erronka. Teknologia erabili egin behar dela uste dut, baina buruagaz, zentzuz. Erraza da esatea, baina nik ere asko erabiltzen dut. 

Zein da bidali gura duzun mezua?
Egungo errealitatea islatu gura izan dut, eta azalerazi teknologia hortxe dugun arren buruagaz erabiltzen jakin behar dugula.

Teknologian oso aurreratuta dagoen herrialdea da Japonia.
Hala da. Asko gustatu zitzaidan. Teknologia edo modernitate handiko herrialdea da, baina tradizio handia duena. Asko gustatu zitzaidan biak zelan uztartzen diren. Asko harritu ninduen.

Noiz hasi zinen argazkigintzan?
Aitarengandik datorkit zaletasuna, betidanik gustatu izan zaio argazkigintza; oso zalea da. Canon kamera bat oparitu zidan, orain hamar bat urte. Baina, tira, Kiotokoa mugikorragaz atera nuen, horrelakoetarako oso lagungarria da mugikorra. Baina, aukeran kamera hobeto.

Zer da zuretzat argazkigintza?
Mezuak bidaltzeko beste modu bat. Argazkia ikusten duena hausnarketa bat egitera eraman gura dut. Horretan ahalegintzen naiz behintzat. Pertsonak, momentu bitxiak... erretratatzea gustatzen zait, batez ere. Eta atzean mezu bat badu, askoz ere hobeto.

Lehenengoz aurkeztu zara lehiaketa batera?
Bai. Inondik inora ere ez nuen espero irabaztea, eta oso pozik hartu nuen. Aurrerantzean gehiago animatuko naiz igual.

Zer behar du argazki on batek?
Mezu bat. Argazkiak zeozer esan behar duela uste dut. Zuri-beltzeko argazkiak asko gustatzen zaizkit.

Kamera beti aldean daramaten horietakoa zara?
Bai. Canon kamera eta mugikorra. Baina aitortu behar dut leku batzuetan ez naizela kamera ateratzera ausartzen.

Zuretzat argazkigintza zaletasuna baino gehiago izango da inoiz?
Baliteke. Zergaitik ez? Aukera bat da. Gaur egun baliabideak ditugu geure kabuz ikasteko.


TEKNOLOGIATIK AT

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!