Iurretako idazkariak eta haren bikotekide ohiak "zenbait udal langileren aurka egindako eraso bidegabeak" salatu ditu udalbatzak

Anboto 2024ko ira. 26a, 12:09

Udabaltza osatzen duten talde guztiek onartutako adierazpenean jasotzen denez (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE), egungo udal idazkariak eta haren bikotekide ohiak "eraso bidegabeak" egin dituzte, batez ere bi langileren aurka. "Langileen askatasunaren, osotasun moralaren eta ohorearen aurka egindako eraso bidegabeak" izan direla argitu dute.

Iurretako Udalak "erabateko babesa" eman die udalean lanean diharduten bi langileri. Hain zuzen ere, idazkariaren baja betetzen ari den behin behineko idazkariari eta behin behineko kontu hartzaileari. Atzoko udal bilkuran alderdi guztien babesagaz onartutako mozioak mahaigaineratu du egoera. Idatzi horretan jasotzen denez, gaur egun bajan dagoen eta idazkari postu egonkorra duen langileak eta haren bikotekide ohiak bi langile haiei egindako "eraso bidegabeak" salatu dituzte. "Langileen askatasunaren, osotasun moralaren eta ohorearen aurka" egindako erasoak direla nabarmendu du udalbatzak. Idatzian azaldu dutenez, "behin behineko langile horiek urteak daramatzate administrazioaren zerbitzura eta inolako akatsik gabe lan egiten. Korporazioak bere profesionaltasuna, bere lanaren ezagutza eta lan ona ezagutzen ditu".

Hartara, udalbatzak onartu du egungo bitarteko idazkari nagusiari eta haren bikotekide ohiari "errekerimendua egitea, aurrerantzean jarraitu ez dezaten langile horien aurkako delitutzat har daitezkeen adierazpenekin". Gainera, udalbatzak alkateari ahalmena eman dio, "aipatutako langileak eta udalaren interes publikoa defendatzeko bidezkoak diren legezko ekintza guztiak, penalak barne, egikaritzeko".

Osoko bilkurak onartutako idatziak dioenez, zinegotziek udal langile jakin batzuen kontrako zenbait adierazpenen berri izan dute, "legez kontrakotzat jo daitezkeenak". Udal langile horiek "profesionalki deskalifikatu" dituzte egindako adierazpenetan; "euren eginkizunen ustezko ezagutza nulua eta euren eginkizunak betetzean inpartzialtasunik eza adieraziz, eta ustezko hainbat delitu egitea egoitziz, modu faltsuan eta funtsik gabe". Iurretako alkate den Oskar Kokak whatsapp bidez jasotako 28 audio aipatzen dira testuan, batzuk "goizaldean bidalita", besteak beste. Udalbatzak gaineratu duenez, idazkariaren bikotekide ohiak ere hainbat mezu bidali dizkio Koka alkateari "behin behineko kontu hartzaileari deskalifikazioak eginez" eta "bere funtzioetan inpartzialtasun falta leporatuz".

Egoeraren aurrekariak

Iurretako idazkari nagusia 2023ko uztailean itzuli zen bere lanpostura, bitarteko izakerarekin. 2020an hartu zuen kargua lehenengoz, eta urte horretan bertan langile hau kargutik kentzea eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari orduan alkate zen Iñaki Totorikaguenak. Erabaki horregatik  prozesu judizial luze baten ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra ezarri dio aurtengo maiatzean Iurretako Udalari. "Botere desbideraketa" egon zela ebatzi zuen. Hartara, epaitegiek Iurretako Udala idazkariari 200.000 eurotik gorako kalte ordaina ordaintzera zigortu dute. Era berean, idazkaria bere lanpostura itzuli zen. Gaur egun, idazkaria "aldi baterako lanerako ezintasun egoeran dago", udalbatzak azaldu duenez.

Idazkariaren erantzuna

ANBOTO idazkariagaz hartu emanetan ipini da. Honek "harrituta" jaso du udalbatzak aho batez onarturiko mozioa: 2020an, [Totorikaguena] alkateak nire lana egiteko gai ez nintzela adierazi zuen, baina gogoratu gura dut, gero, Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zidala. Auzia irabazi nuen, eta alkateak emandako arrazoi guztiak bertan behera geratu ziren. Eta orain, hara. Konturatu baino lehen, mozioa onartu da. Baina inortxo ere ez da nirekin hartu emanetan ipini", adierazi du idazkariak.

Langilea ez dator mozioaren edukiarekin bat. "Testuak dio nik eta nire bikotekide ohiak udal langile bi deskalifikatu ditugula. Hori ez da horrela. Nik egin dudana Euskadiko Auzitegi Nagusian salaketa ipintzea izan da. Izan ere, Iurretako Udalak ez du behar bezala bete Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zion zigorra. Gutxi ordaindu zait eta txarto. Jasotako diru kopurua ez da behar bezala desglosatuta ageri, kontzeptuak falta dira eta kopuruaren zati bat epez kanpo jaso dut. Alkatearen ondokoak diren behin-behineko idazkariak eta behin-behineko kontu hartzaileak izan dute Auzitegi Gorenaren zigorra tramitatzeko ardura, baina ez dute tramitazioa era egokian egin. Horrenbestez, nik ez ditut bi langileak deskalifikatu. Ez dut difamaziorik egin. Nik esan dudan bakarra da ez dutela haien lana ondo egin eta ez direla konpetente haien lana betetzeko. Hori guztia dela eta, nik egin dudana hori Euskadiko Auzitegi Nagusian salatzea izan da", azaldu du idazkariak. 

Euskadiko Auzitegi Nagusian ipinitako salaketak atal bi dituela gaineratu du langileak. Bata, aipaturikoa da. Hau da, "sententzia ez betetzeagatiko salaketa". Bigarren zatia, berriz, "iruzur" bati zor zaio. Idazkariak dioenez, Iurretako Udalak "beste udal idazkari bat sartu gura izan du, iruzur eginez, beste behin ere. Duela urte batzuk egindakoa errepikatu gura izan dute berriro", azaldu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!