"Hamabost onenetan geratzea itzela litzateke"

Joseba Derteano 2024ko ira. 20a, 13:00

Gurutze Frades (Iurreta, 1981) urteko probarik garrantzitsuenaren atarian dago. Domeka goizean Munduko Ironman Txapelketa lehiatuko du, Nizan (Frantzia). 2016tik hona urtero lortu du sailkatzea. Denbora honetan une gogoangarriak bizi izan ditu, 2023an Utah-n (AEB) lorturiko bederatzigarren postua esaterako, orain arteko bere emaitzarik onena. Memorian gertuen duen esperientziak, ostera, gehiago gu garratzetik gozotik baino. Iaz, azken unean uko egin behar izan zion parte hartzeari, aurreko egunetan gaixotu egin zelako. Arantza hori atera gura du aurten, eta sentsazio onekin lehiatu. 

Gogor prestatu duen hitzordua da. Astebete darama tokian bertan entrenatzen, Nizan, baina aurretik ere egonda dago. Uztailean astebete eman zuen han, ibilbideko sekretuak deskubritzen. 

Ibilbidea
Probako distantzia honako hau da: 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan, eta 42 korrika. Igeriko tartean, uraren tenperaturak Fradesen jarduna baldintzatu dezake. Ura 23 gradutik behera badago, neoprenoa jantzi beharko dute eta iurretarrari hobeto datorkio hori. "Hotzagaz sufritu egiten dut", azaldu du. Hala ere, susmoa du uraren tenperatura ez dela horrenbeste jaitsiko.

Uretatik irten eta gero, bizikletako 180 kilometroak hasiko dira. Ibilbidea "desnibel handikoa" da lehenengo zatian, eta "oso teknikoa" amaieran. Ibilbide aldapatsua izatea ondo datorkio, arrazoi bigaitik: ondo egokitzen da bere dohainetara, eta, horrez gainera, errodadore direnek gura baino apalago joan beharko dute. Jaitsiera teknikoa denentzat izango da erronka bat. 

Azkenik, korrikako maratoia (42 km) helduko da. "Ibilbide laua da eta zuzengune askokoa. Ondo bazaude, azkar egin daiteke", deskribatu du iurretarrak. Ez da sekretua Fradesen indargune nagusia korrikako tartea dela. Atzetik aurrerako bidea egiten du normalean, postuak aurreratuta. Beraz, bizikletan indar apur bat gordetzen asmatzen badu, korrika aldea atera dezake. 

Motibatuta dago
Domekako hitzorduari begira, "motibatuta eta sasoi onean" dagoela adierazi du. Izan ere, konfiantza ere landu beharreko zerbait izan da azkenaldian. Bere azken lasterketa Gasteizko Ironmana izan zen, uztailean. 2023an irabazi egin zuen. Aurten zortzigarren amaitu du. Oso postu ona da, baina ez zen asebeteta geratu. "Ez nuen nik espero nuen lasterketa egin", esan zuen. Aurrekari hori kontuan hartuta, lan fisikoa eta mentala uztartu ditu aurretik zuen erronkari begira. Oreka hori lortzeko, Sierra Nevadan (Granada, Andaluzia) toki aproposa aurkitu du. Urtero joaten da hango errendimendu handiko zentrora, munduko txapelketari begirako prestakuntza fintzeko. Bost bat aste eman ditu han, eta behar zuena aurkitu du. "Egunetik egunera sasoi puntu hobea lortu dut", adierazi du.

Helburuak
Urterik urtera gatxagoa da munduko txapelketan goian ibiltzea, geroago eta maila handiagoko parte hartzaileak daudelako. Horretan, zerikusia du orain hiru urte antolatzaileek harturiko erabakiak. Gizonen eta emakumeen txapelketa banatzea erabaki zuten. Ez zuten gehiago egun berean Konan lehiatuko. Batzuk Konan arituko ziren, eta besteak Nizan, urterik urtera tokia txandakatuz. Banaketak emakumeen parte hartzea eta batez besteko maila handitzea ekarri du. Hori kontuan hartuta, "hamabost onenen artean geratzea itzela litzateke, baina hori lortzea superlasterketa bat egitea litzateke", onartu du triatleta iurretarrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!