Mendi martxa herrikoia jaien atariko modura

Anboto 2024ko ira. 21a, 10:00

Zaldai Mendi Taldeak dena prest du aurtengo mendi martxa beti bezain arrakastatsua izan dadin. Mendizaleak 08:30ean irtengo dira plazatik. Ibilbide bi izango dituzte aukeran; 24,5 kilometrokoa, luzea, eta 14,2 kilometrokoa, laburra. 

Gero ere egongo da plazan dantza egiteko denbora, kalean gora eta behera ibiltzekoa, lasai. Ez izan horren beldurrik. Baina, lehenengo eta behin, kirola, apurtxo bat behintzat. Zaldai Mendi Taldea bueltan dator, jaien atarian hutsik egiten ez duen mendi martxaren edizio berri bategaz. Domeka honetarako, irailak 22, udalerriko mendi bazterrak zeharkatzen dituen ibilbide herrikoiaren edizio berri bat antolatu dute. Eta, jakina, hitzorduak apurka-apurka jaietan sartzen lagunduko die herritarrei. "Mendi martxa herriko jaiak hasi aurreko asteburuan egiten denez, ia-ia jaietan egotearen pareko zeozer sortzen da giroan. Txosnak muntatuta egoten dira, eta martxa amaitzen denean plazan sortzen den giro horrek, errugbian hirugarren denbora modura ezagutzen den pareko giro horrek, jendea gustura egotea ekartzen du", azaldu du Asier Iza mendi martxako antolatzaileetariko batek. "800 parte hartzailegaz osaturiko edizioak bizi izan ditugun arren, normalean 400-500 parte hartzaile batzen gara. Aurtengoa ere kopuru tarte horretan ibiliko dela aurreikusten dugu", gaineratu du. 

Mendizaleek ibilbide bi izango dituzte aukeran: 14,2 kilometrokoa eta 24,5 kilometrokoa. Lehenengoan, Bitaño, Neberondo, Santa Luzia, Landaederra eta Santa Apolonia zeharkatuko dituzte. Bigarrenean, Leungane alderako igoera gehituko diote aipaturikoari. Edozelan ere, bata ala bestea aukeratu, mendizaleek martxaren izaera herrikoiaz gozatu ahal izango dute egindako kilometro bakoitzeko. "Lau-bost lagun dira mendi martxa hau buru-belarri prestatzen dabiltzanak, baina gero herritar askok laguntzen dute, anoa guneetan egonda, bidea markatzen, izena ematera datozen mendizaleei harrera egiten zein txosnako sukaldean kozinatzen", azaldu du Izak. Eta, ondo pentsatuta, ez ote da hori izango arrakastaren giltza? Lanketa herrikoiak berezko duen mimo hori? Domekan, behintzat, horri eutsiko dio Zaldaik, beste edizio batez. Jaien atariko mendi martxa egingo du, baina jai giroan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!