Iurretako jaiak

Iurreta Txirrindulari Elkartea, 40 urte pedalei eragiten

Anboto 2024ko ira. 19a, 08:52

Jaien harira, hainbat ekitaldi antolatu dute; tartean, Ahari Iurreta eta erakusketa. Irailaren 29an, maillot eskaintza egitera joango dira Dorletako santutegira.

Tarte bat topatzen duten bakoitzean errepidera irteten dira pedalei eragitera. Zaletasuna dute, eta gogoa ere bai. Iurreta Txirrindulari elkarteko kideak zikloturismoa bultzatzen dabiltza lau hamarkadatan. Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dute. Horietariko batzuk Iurretako jaien bueltan egingo dituzte.

Ahari Iurreta eta erakusketa
Asteburura begira, Iurretako jaien egitarauaren barruan, zapaturako Ahari Iurreta antolatu dute, 90 kilometroko ibilbidea duen irtenaldia. Erritmo suabean egiteko asmoa dutenak 07:45ean irtengo dira, eta bizkorrago joango direnak 08:30ean. Ibilbide hau egingo dute: Iurreta, Elorrio, Miota, Olakueta, Trabakua, Markina, Milloi, Oleta, Munitibar, Astorkia, Marmiz, Mendata eta handik Iurretara.

Domekarako (irailak 22) erakusketa prestatu dute. Iurretako karpan izango da. Argazki zaharrekin osaturiko erakusketagaz elkartearen ibilbidea erakutsiko dute, 10:30etik aurrera. Horretarako, hamar argazki olanetan ipiniko dituzte, eta, horrez gainera, pantaila batean proiekzioa egingo dute. Hau guzti hau trikitilariek girotuta egingo dute. Bizikleta martxa retroa ere egingo dute.

Berbaldia eta maillot eskaintza
Jaien inguruko egitarauagaz lotuta, urriaren 25erako berbaldi bat antolatu dute. Ibarretxe kultur etxean izango da.

Irailaren 29an, Iurreta Txirrindulari Elkarteko kideak Dorletako santutegira joango dira maillot eskaintza egitera. Bestalde, azaroaren 30ean elkartearen urteko bazkaria egingo dute, Bakixako soziedadean, elkartea eratu zen leku berean.

Orain 40 urte elkartea sortu zutenean, Iurreta Durangotik desanexionatu barik zegoen oraindino. Hala ere, elkartea Iurretako herrigintzan eragile aktiboa izateko bokazioagaz sortu zela nabarmendu du Fernan Ruiz kideak. Lau hamarkada geroago, Iurreta Txirrindulari Elkarteak 230 bazkide ditu.

Emakumeen Bira bultzatzen
Elkarteak emakumeen txirrindularitza bultzatu du urte askoan; izan ere, Emakumeen Biraren sortzailea eta antolatzailea izan zen. 1988an hasi zuten ibilbidea, "lehiatu gura zuten emakume txirrindulariei aukera hori eskaintzeko". Elkarteko kideek gogoratu dutenez, "hasieran Bizkaian jokatzen zen gehienbat. 1992tik aurrera, lasterketa profesionala izan zen eta 2004an goi mailakoa bihurtu zen. Gure klubak 2008an antolatu zuen azkenengoz, eta, hortik aurrera, Emakumeen Euskal Bira izena hartu zuen", gogoratu dute elkartekideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!