Bidebarrietako parking berria "txapuza" bat dela salatu du Iurretako EH Bilduk

Anboto 2024ko uzt. 19a, 12:10

Bidebarrietako aparkaleku berrirako sarbidea.

Aparkalekurako sarbidea "oso estua" dela kritikatu du EH Bilduk. "Sarrera eta irteera leku beretik izanda, bidean ez dira auto bi sartzen", diotenez. Gainera, ohartarazi dute inguru horretatik oinezko eta txirrindulari asko pasatzen direla. 

Bidebarrietako aparkaleku berria "380.000 euroko txapuza" bat izan da. Halaxe uste du Iurretako EH Bilduk. "Lanak amaituta, txapuza baten aurrean gaudela agerikoa da. Aparkalekurako sarbidea estua da, eta, sarrera eta irteerak leku beretik izanda, bidean ez dira auto bi sartzen". Gainera, inguru horretatik hainbat oinezko eta txirrindulari igarotzen direla nabarmendu dute. "Bada segurtasunaren ikuspuntutik arriskutsua da. Bidegorria ezarri dute bide izkinan, baina oso estua da eta dago argi zeintzako den". Inguruko auzokideek ere kexak aurkeztu dituztela jakin eragin dute.

EH Bilduk adierazi du, udal gobernuaren kudeaketa "txarraren" ondorioz, obra konpondu egin beharko dela, "gainkostu garrantzitsuagaz". 

Ispilua jartzeko eskaria

Bestalde, EH Bilduk gogoratu du, inguru horretan jende asko ibiltzen dela oinez, bizikletan edo patinetan, Zornotzarainoko bidegorria aprobetxatuta. Bidea industrialdera irtetzen da, autopistako sarreraren azpiko tuneletik igarota. Bada, koalizio subiranistak azaldu duenez, Iurretako Txirrindulari Elkarteak salatu du "bihurgune arriskutsu bat" dagoela LIDL supermerkatuari paralelo doan inguruan, eta hainbat kolpe egon direla bertan. Horregatik, bihurgune horretan ispilu bat jartzea eskatu diote udalari. Hala ere, "abiadura errespetatuz gero, erabiltzaileek errakzio-denbora nahikoa" dutela erantzun die udalak

EH Bildu ez dator bat erantzun horregaz. Txirrindulari elkartearen eskaria "zentzuzkoa" dela uste dute eta eskatutako ispilua jartzea eskatu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!