Iurretan Osakidetzako erakundeen jarduerarako logistika zentro bat sortuko du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako EiTBren egoitza izan zen eraikina eta bertako lurrak lagako dizkio Bizkaiko Foru Aldundiak; guztira, 49.000 metro koadro. Lagapen-akordioa 40 urterako ezarri da, eta luzatu egin daiteke.
Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuaren berbetnma, "Osasun Sailak zentro logistiko berri bat sortuko du, eta bertan, hornikuntza-eredu malgu eta eraginkor bat ezarriko du; azpiegitura horrek osasun-erakunde desberdinek materialak erosteko dituzten prozesu administratibo guztiak bateratuko ditu". osasunaren arloko I+G+b jarduerak barne hartuko ditu, material sanitarioaren logistikarekin lotuta.
Eskainiko dituen abantailak ere zerrendatu ditu Sagarduik: produktibitate-errendimendu handiagoa; informazioa denbora errealean ematen duen kudeaketa-sistema zentralizatu baten sorrera, erabakiak hartzea errazten eta arintzen duena; biltegi nagusiaren, ospitaleen eta kontsumo-puntuen arteko eragiketen homogeneizazioa, materialen fluxua optimizatzen duena; eta, prozesuen sinplifikazioa eta automatizazioa. Osakidetzaren erosketa-bolumena 500 milioi euro ingurukoa da, urtean.
Erosketa-prozesuak arrazionalizatuko ditu eta erakundeak zeregin horietatik askatuko ditu, momentu honetan biltegiek hartzen dituzten espazioak osasun-jarduerarako edo jarduera horri laguntzeko erabiltzea ahalbidetuz.
Elixabete Etxanobe, Herri Administraziorako eta erakunde harremanetarako foru diputatu adierazi duenez, "Iurretako I+G+b jarduera horiek lagundu egin behar dute Durangaldean jarduera ekonomikoa sustatzen eta enplegua sortzen, eta lurralde-oreka handiagoa izango duen erantzun soziosanitarioa izaten".