Gertasporten Futbol Festan batutako 1.507 euroak Aspanovas elkarteari eman dizkiote

Anboto 2024ko eka. 20a, 12:29

Gertasporteko Jon Gurutz Vazquez, Iurretako alkate Oskar Koka eta Aspanovaseko koordinatzaile Ainhoa Fernandez gaur Larrakozelaian egindako ekitaldian.

Aspanovas elkarteko Ainhoa fernandez "esker oneko" agertu da eta horrelako laguntzak eurentzat "funtsezkoak" direla nabarmendu du.

Gertasport Kirol Klubak Futbol Festaren 6. aldia antolatu zuen orain asteburu bi Iurretan, Askondoko karpan. 2010 eta 2018 urte arteko umeekin askotariko jolasak egin zituzten, futbola erdigune zela.

Aurreko edizioetan lez, kirola elkartasunarekin uztartu zuten. Izen-emateekin nahiz herriko establezimenduek emandako produktuen zozketa solidarioekin 1.507 euro batu zituzten Aspanovas, minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen Bizkaiko elkartearen alde.

Aspanovaseko kideek gaur jaso dute dirua, Larrakozelaian egindako ekitaldian.Elkarteko koordinatzailea den Ainhoa Fernandez "esker oneko" agertu da. "Horrelako laguntzak funtsezkoak dira guretzat. Horrelako ekimenengatik ez balitz, zenbaki gorrietan helduko ginateke urte amaierara. Urtero diru kantitate hau jasoko dugula jakiteak segurtasuna ematen digu".

Oroigarria Gertasportentzat

Gaurko ekitaldia aprobetxatuz, Fernandezek esker oneko oroigarri bat eman die Gertasporteko kideei. 'Ausarta zara zu!' irakurri daiteke goiburuan. Mezuak Aspanovasen urteurren festari egiten dio erreferentzia. Izan ere, oraintsu 35. urteurreneko gala egin dute Bilbon 'Ausarta Eguna' leloagaz.

Aspanovasek Gertasporti emandako oroigarria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!