Zeintzuk dira, zuen ustez, trantsizio honetan automozioak jasangarritasunaren ikuspuntutik dituen erronka nagusiak?
Gorka Mujika: Auto partikularrak ez dira jasangarriak. Ideia orokor horretatik abiatuko nintzateke. 70eko hamarkadan ibilgailu gutxi zegoen. Familia bakoitzak bere kotxea izatetik pertsona bakoitzak bere kotxe propioa izan behar zuen ideia nagusitu zen. Nire ustez, trena da garraiobiderik jasangarriena mugikortasunaren aldetik. Bere sasoian, gure inguruan zegoen trenbide azpiegitura indartu beharrean, kotxe partikularren aldeko apustua egin zen. Eta horrela ibili gara urte askoan. Orain, kontrako bide batean gaudela dirudi, gizarte eredua aldatzen dabil.
Eneko Barroeta: Gure sektorean, ibilgailuek mugimendurako energia iturri bat edo bestea erabili, icebergaren punta dela uste dut. Sakonago begiratuta, erantzuna bilatu beharreko galderak daude; esaterako, auto bat ekoizteak zer kutsadura eragiten du? Jasangarritasunaren hausnarketak hedadura zabalagoa du. Gero, etorkizunera begira, ikusi egin beharko da trantsizio honek eskualdean nahiz Euskal Herrian eragiten duen inpaktua, automozioko enpresa asko ditugu eta. Interes gatazka bat egon daiteke eta kontraesanei ere aurre egin beharko diegu.
Elektrikoak dira alternatiba bakarra ala gehiago dago, hidrogeno bidezko motorrak kasu?
G.M.: Luzera begira, hidrogenoa izan daiteke irtenbidea. Etorkizun laburrera begira, eredu mistoa aurreikusten dut, errekuntzako motorren, elektrikoen eta hibridoen artean.
Orain kotxe berria erosi behar duenak zer aukeratu behar luke?
G.M.: Oso erabaki pertsonala da eta gatx da erantzun zehatz bat ematea. Argi dago ibilgailuen salmenta murriztu egin dela azken urteetan, jendeak ez dakielako zer egin, zer aukeratu. Nire ustez, kotxe elektriko baten autonomiak portzentaje handi batean asetzen ditu pertsona baten garraio beharrizanak. Joan-etorri laburretarako, elektrikoa nahikoa da; Bilbora, Donostiara edo Gasteizera joateko, esaterako. Gainera, Jaurlaritzak oraindino diru laguntza ematen du kotxe zaharra elektriko batengaitik ordezkatzeko. Baina ezin diogu galdera horri ziurtasun osoz erantzun, ez dakigulako gaur erositako auto elektriko batek zelan eboluzionatuko duen. Hau da, erosi eta lau urtera kotxeko softwarea zaharkituta geratzen bada? Orduan zer?
Irakaskuntzaren arloan, aldaketa asko egon da garai berrietara egokitzeko?
E.B.: Aldaketa prozesuaren hastapenetan gaude oraindino. Gure ikasleak gaur egungo lan merkaturako prestatu behar ditugu eta oraindino errekuntzako motorrak dira nagusi tailerretan. Baina, apurka, teknologia berrien ezagutza sartzen gabiltza irakaskuntzan, nozio eta kontzeptu orokorrak. Baina errekuntzako motorrekin egiten ditugu praktikak gehienbat. Elektrikoki lehenengo pausoak emateko ekipamendua ere badugu, baina oraindino lehenengo pausoetan gaude. Gainera, kontuan hartu behar da automozioa ikasten duen ikasle batentzat motorra alderdi bat baino ez dela: karrozeria, txasisa eta bestelako sistema elektriko osagarriak ere badaude, eta horiek berdin jarraitzen dute. Edozelan ere, gizartea aldatzen doan neurrian ikasketa zentroak horretara moldatzen joango gara. Eta bide horretan irakasleok ere birziklatzen joan behar dugu.
Iurretako Lanbide Heziketak hainbat urtez parte hartu du Euskelecen, Euskal Herriko Lanbide Heziketako Ibilgailu Elektrikoen txapelketan. Praktika baliagarria da ibilgailu elektrikoen gaineko jakintza areagotzeko?
G.M.: Bai. Errekuntzako motorra ingeniaritza ikuspuntutik sorkuntza konplexu eta harrigarri bat den moduan, teknologia elektrikoa sinplea da konparazioan. Euskeleceko kotxe batean jartzen den powertrainaren eta Teslaren moduko ibilgailu batenaren arteko aldea ez da hain handia. Osagaiak nahiko antzerakoak dira. Esajeratzen nabil, jakina, hobeto ulertzeko. Orduan, Euskelecen egiten duten lana errepideetako ibilgailuetara estrapolagarria da. Horrez gainera, taldean lan egiten ikasteko ere lehiaketa aproposa da. Ibilgailu elektriko bat hutsetik sortzea erronka bat da ikasleentzat.
E.B.: Zenbait departamendutako ikasleek koordinatuta lan egin dute eta elkarregaz aurre egin behar diete bidean aurkituriko zailtasunei. Taldean lan egitea aberasgarria da ikasleentzat. Zalantzarik barik, jakintza hori guzti hori balio erantsi bat da lan merkatuan.
Zelan imajinatzen duzue 20 urte barruko Euskal Herria mugikortasunaren ikuspegitik?
G.M.: Kotxe partikularra luxuzko artikulua izango dela uste dut. Ahalmen ekonomiko jakin batetik gorakoek izango dute. Besteok, garraio publikoan mugituko garela uste dut; distantzia laburragoetan, ostera, patinete edo bizikleta elektrikoetan. Beste mugikortasun mota bat nagusituko dela esango nuke.
E.B.: Ni ez nago guztiz ados. Ez dakit prezio apaleko mugikortasun eredu hori bateragarria den botere ekonomiko handien interesekin. Beharbada norbanakoa ekonomikoki lotzeko beste bide batzuk aurkitu dituzte. Denborak esango du.