“Barakaldok bazuen halako historia beltz bat play-offekin, eta hori gainetik kentzea lortu dugu”

Anboto 2024ko eka. 9a, 09:00

Imanol de la Sotaren (Santurtzi, Iurretan bizi da, 1975) aginduetara, Barakaldok igoera bi lortu ditu segidan: Hirugarren Federaziotik Lehenengo Federaziora. Lorpen handia da garai latzetatik datorren klubarentzat. Joan zen asteburuan, asko sufrituta lortu zuten Orihuelaren kontrako finala irabaztea: Joanekoan 3-1 galduta, Lasesarren 2-0 irabazi zuen. Iurretan bizi den santurtziarragaz batera, Durangaldeko jokalari bi ere badira arrakastaren parte: Ekaitz Molina eta Imanol Torre abadiñarrak. 

Ospakizunekin jarraitzen duzue oraindino, ala baretu da apur bat animoa?
Emozioak hor jarraitzen du oraindino, baina mundu honetan, badakizu, batzarrak bata bestearen ondoren etortzen dira. Gainera, talde tekniko osoak beste lan batzuk ere izan ditugu urte osoan. Lehenengo Federazio Mailan dena desberdina da, oso maila profesionala delako.

Zelan gogoratzen duzu partidua amaitu zen unea?
Partidua amaitu bezain laster, barruan pilaturiko tentsioa askatu nuen. Hamar bat minutu negarrez eman nituen, maila honetan tentsio handia pilatzen delako play-offetan. Zaleak zelai barrura sartu eta denon arteko batasun hori oso polita izan zen. Oroitzapen ahaztezinak dira. 

Nori eskaintzen diozu lorpena?
Futbol ikuspegitik, jokalari guztiei, nire talde tekniko ikusgarriari eta Joseba Nuñez Kirol zuzendariari. Baita bazkideen batzordeari ere, nigan konfiantza osoa izan dutelako. Arlo pertsonalean, emazteari eta alabei eskaintzen diet. Azken batean, eurek nabaritzen dute gehien nire hutsunea. Urte bi daramatzat etxetik goizeko zazpietan irten eta gaueko hamarretan bueltatzen. Eta, jakina, asteburuetan partiduetara joaten eta hara eta hona bidaiatzen. Eurek merezi dute gehien lorpen hau.

Arrakastak pertsonarik umilena ere harrotzen du?
Zorionez, Barakaldon gabiltzan denok jende umila gara eta gure arrakastaren gako nagusietariko bat horixe dela esango nuke. Urte bian 77 partidutik hiru bakarrik galdu ditugun arren, ez dut uste inork esan dezakeenik harrokerian jausi garenik, kontrakoa baino. 

Joaneko partidua gol bigaitik galduta, zelan aurre egin zenioten itzuliko neurketa heldu arteko asteari?
Orihuelaren kontrako porrotak eragina izan zuen gugan, jakina. Autobusean, bueltan, atsekabe puntu bat igartzen zen. Kontuan hartu behar da porrota oso gutxitan ezagutu dugula azken urte bietan. Zorionez, emozionalki oso orekatua den taldea dut. Konfiantza puntu hori berreskuratzen zentratu ginen. Garaipena lorturikoan ez gara zerura igotzen, eta porrota jasotzerakoan ez dugu besorik jaisten. Porrotaren ondorengo lehenengo entrenamendua ikusgarria izan zen. Inoiz baino gogorrago entrenatu ziren. Azkenean, aurretik makina bat bider egindako zerbait egin behar genuen: irabazi. 

Eta hala egin zenuten, baina ez sufritu barik!
Luzapen eta guzti! Partidu osoan ederto ibili ginela uste dut, baina futbolean edonoiz heldu daiteke gol bat, ezustean sarritan. Luzapeneko azken unean falta bat izan zuten  alde, gure area ertzean. Jaurti behar zuen jokalariak lau bat gol sartuta zeuzkan denboraldian falta jaurtiketetan. Imajinatu zelako tentsioa bizi izan genuen. Gainera, Barakaldok bazuen halako laino beltz bat gainean play-offekin. Azken 25 urteetan, igotzeko 16 play-off jokatu eta euretariko baten bakarrik lortu dute igotzea. Horregaitik ere partidu berezia izan zen joan zen astekoa. Historia beltz hori gainetik kentzea lortu genuen. Amaieran jokalariei esan nien klubeko mito bihurtu zirela. Bazegoen play-offekiko beldur moduko bat, eta jokalariek beldur hori gainditzea lortu zuten. 

100 urtetik gora dituen kluba da Barakaldo eta makina bat urte eman zuen sasoi bateko Bigarren B Mailan. Horrelako klub batentzat zer punturaino zen saria igotzea eta zer punturaino obligazioa?
Hirugarren Federazio Mailan geundenean, bai, orduan obligazio handiagoa genuela uste dut. Aurten, ez Joseba [Nuñez] kirol zuzendariak ez inbertsoreek ez didate igotzeko presa handirik adierazi. Baina urtea hain izan da borobila ze, zuzenean igotzeko aukera izan dugula azken jardunaldietaraino. Gure puntu kopuruagaz, beste multzoetako edozeinetan zuzenean igoko ginen. Kontua da gure multzoan Bilbao Athleticek sekulako zenbakiak izan dituela aurten.

Lehenengo Federazio Maila sasoi bateko Bigarren B Mailagaz alderatu daiteke, ala desberdina da?
Orain askoz ere gogorragoa da. Estatuan maila batetik bestera dagoen saltorik handiena Bigarren Federaziotik Lehenengo Federaziora dagoena da. Bigarren Mailatik Lehenengo Mailara dagoen saltoa baino handiagoa da. Hiriburuetako talde asko dago, ahalmen ekonomiko itzela dutenak.

Barakaldoko entrenatzaile jarraituko duzu?
Horretan gabiltza, berbetan. Alde bietatik jarrera ona dagoela eta ez dela arazorik egongo uste dut.

Azken egunetan eskualdeko beste entrenatzaile bat ere hedabideen erdigune izan da: Jose Luis Mendilibar. Ezagutzen duzu?
Mendilibarrek lortu duena sekulakoa izan da. Eta bai, hartu-emana dut beragaz. Berak irabazi duenetan zoriondu egin dut, eta gu igo ginenean zoriondu egin ninduen. Eibarreko gazteak entrenatu nituen sasoian, astebetean lehenengo taldean lan egin nuen, Mendilibar entrenatzaile zen sasoian. Sekulako pertsona da, umila eta orekatua. Futbolean sarritan ez da erraza horrelako jendea aurkitzea.

Imanol de la Sota Ekaitz Molina besarkatzen partidu amaieran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!