20 urte joan dira Iurretan Olaburu pilota kirol elkartea jaio zenetik eta zapatuan jai bat antolatu zuten urteurrena ospatzeko. Kirol elkarteko pilotariak izan ziren protagonista nagusiak nesken paleta gomako eta mutilen esku pilotako partidu banarekin. Esku pilotan, Inunziagak eta Bikandik Garfe enpresan dabiltzan Merino II.a eta Iturriaga izan zituzten kontrario. Eguna luntx batekin amaitu zuten.
57 pilotarigaz, hazten
Gaur egun, 57 pilotari dabiltza Olaburun, kategoria guztiak kontuan hartuta. Kontuan hartzeko kopurua da, nondik datozen ikusita. Izan ere, COVIDak "asko" eragin zien Bizkaiko pilota klub guztiei, ezin zelako kalean entrenatu. Batez ere, haur-kategorian igarri zuten beherakada. Orain kolpe horretatik "apurka errekuperatzen" ari dira, Valen Calleja kirol elkarteko presidentearen esanetan.
Emakumeen pilotan aurrerapausuak eman dituzte. Gaur egun, 7 eta 14 urte arteko 14 bat neska dabiltza paleta goman. "Asko kostatako" lanaren fruitua da. "Urteetan saiatu gara nesken adarra sustatzen, baina ez genuen lortzen.Orain dinamika on bat hartu dugu eta apurka kopurua handitzen joatea espero dugu".
Olaburu, profesionalen pilotaleku
20 urtetan zehar, pilotari ezagunek jokatu izan dute klubean. Esaterako, buruz buruzko txapelduna den Aitor Elordik Olaburun debutatu zuen kadeteetako lehen urtean. Euskadiko txapelketa ere irabazi zuen Gorka Otaduyrekin bikotea osatuz.
Kirol elkarteko beste goiburu bat 2010eko hamarkadan eman zen. Asegarce enpresarekin —Baiko, gaur egun— ados jarrita, profesional askok Olaburu pilotalekuan entrenatzen zuten Josetxu Areitioren aginduetara. Ohikoa zen Pablo Berasaluze, Mikel Urrutikoetxea, Mikel Larunbe eta Andoni Aretxabaleta, besteak beste, Iurretan ikustea. Horrela, kirol elkarteko umeek goi mailako pilotariak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten urte batzuetan eta klubeko pilotariek eurekin entrenatzen zuten batzuetan. "Oso sasoi polita izan zen. Iurreta hedabideen erdigunean egoten zen sarritan. Esaterako, Berasaluze binakako finalera heldu zen urtean Iurretan egiten zizkioten elkarrizketak", gogoratu du Callejak. Sei-zazpi urte iraun zuen aro hark.
Aurrera begira
Etorkizunera begira, erronkak dira nagusi, baina ez Iurretan bakarrik, Bizkaia osoan baino. 90eko hamarkadaren erdian eman zen loralditik "urrun" dago Bizkaia, baita orain hamarkada bat pasatxo bizkaitarrek Altuna eta Irribarria lako pilotarien kontra lehia estuak mantentzen zituzten sasoitik ere. "Bizkaian ez da sasoi ona pilotarentzat. Gaur egun, Gipuzkoa eta Nafarroarekin alderatuta maila baxuagoa dugu. Alde handia dago, ez kalitatean bakarrik, baita kantitatean ere".
Testuinguru horretan, egoera hobetzeko euren aletxoa jartzen jarraitu gura dute Olaburun. Alde batetik, maila onean dabiltzan pilotariei hobetzen jarraitzeko baliabideak eskainita. Koldo Bikandi da horren adibide: txapelketa garrantzitsuak jokatzen dabil eta Baikorekin entrenamendu bat baino gehiago egin du. Bestetik, herriko gazteei pilotan aritzeko aukera eskainiz. "Ondo pasatzera datorrena ere gustura sentitu dadin gura dugu. Bakoitzari nahi duena eta behar duena ematen saiatzen gara".